Zientzia eta dibulgazioa
Gezurrak, negazionismoa eta zientzialariei erasoak
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Egin duten ikerketaren emaitzak zabaldu dituzte, eta zientzialarien % 51k erasoak jasan dituztela dio azterlanak. eitb.eus-ek EHUko bi ikertzaile eta dibulgatzaileren hausnarketak jaso ditu.
Gizartea gero eta kontzienteagoa da hainbat hedabide eta sare sozialetan gezurrak edota zalantzaz betetako teoria ukatzaileak ugaritu direla. Informazio oker horiei aurre egiteko adituengana jotzea izaten da egokiena, eta, kasu askotan, zientzialari eta ikertzaileak izaten dira horiek. Alabaina, adituon profesionaltasuna zalantzan jartzen duten pertsonak ere badaude. Zerk bultzatzen ditu horretara?
Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioak (FECYT, gaztelaniazko siglak) eta EHUko Gureiker ikerketa taldeak "Ikertzaileen esperientziak hedabideekin eta sare sozialekin dituzten harremanetan" izeneko ikerlana argitaratu berri dute eta, horren arabera, haien jakintzaren berri eman duten zientzialarien % 51k erasoak jaso izan dituzte.
Zientzialarien arabera, eraso horiek, batik bat, irainak (% 30,38), gaitasun profesionalari buruzko komentarioak (% 28,69) eta zintzotasunaren gaineko iritziak (% 17,72) izan dira. Alabaina, euren fisikoari, erlijioari eta sexu-orientazioari buruzko komentarioak ere jaso izan dituzte.
Izortze Santinek, EHUn gaixotasun autoimmuneak ikertzen dituen Biokimikan doktoreak, baieztatu du berak ere horrelako egoerak bizi izan zituela covid-19aren pandemian, txertoei eta covid pasaporteari buruzko ezagutzak eta iritziak zabaldu zituenean. Jaso zituen iruzkinek ez zuten aparteko eraginik izan Santinengan, eta ikerketan parte hartu duten zientzialari gehienek ere (% 24,30) gauza bera adierazi dute. Hala ere, kasuen % 22,18an, zientzialariek antsietatea bizi izana aitortu dute.
Nola egin aurre egoera honi? Ikertzaile gehienek (% 32,04) komentarioak irakurtzeari utzi diotela erantzun dute. Hala ere, zientzialarien % 16,55ek aitortu dute, egoera hauen ondorioz, dibulgazio lanak utzi dituztela eta hori da txostenaren daturik aipagarrienetako bat ikerketaren zuzendari gisa aritu den Gureiker taldeko Maider Eizmendiren arabera. Bere hitzetan, "gizarte gisa, behar dugu zientzialariek dibulgatzen jarraitzea", haiek baitira "ebidentziak aurkezten dizkigutenak" eta, beraz, "kultura zientifikoa hazten joan dadin iturri garrantzitsuena" dira.
Gai honetan ere generoak ezberdintasunak sortzen ditu; izan ere, emakume zientzialariek eraso gehiago jasaten dituzte gizonezkoek baino. Hain zuzen ere, emakumeen % 57k salatu dute horrelako egoeraren bat bizi izana; gizonezkoak, berriz, % 46 dira. Kasu honetan, gainera, erasoaren modua ere aldatu egiten da eta emakumeek gehien pairatzen duten erasoa gaitasun profesionala zalantzan jartzea da. Eizmendiren arabera, "genero estereotipoen ondorio" da, "emakumeei oraindik ere ez baitzaie onartzen iturri fidagarri gisa duten papera".
Ikerketaren arabera, ingurumenarekin eta medikuntzarekin lotutakoak dira alor kritikatuenak; zehazki, aldaketa klimatikoa eta txertoak. Eta iruzkin horien sare sozialetan egiten dira, batez ere X sarean (lehen Twitter zenean).
Jone Bilbao Ingurumen Zientzietan doktore eta EHUko ikertzaileak aitortu du ez duela esperientzia negatiborik bizi izan, eta argi du ez lukeela dibulgazioa utziko. Bere ustez, "ezjakintasunaren aurka borrokatu" behar da, hori baita, kasuan kasuko interesez gain, "horrelako kritiken atzean dagoen arrazoi nagusia".
Ikerketari erantzun dioten zientzialarien erdiak baino gehiagok esperientzia txarrak bizi izan dituzten arren, horietako gehienek (% 83,12k) iritzi positiboa dute hedabideetan duten parte-hartzearen inguruan. Beren jakintza eta mezua helarazteko aukera eta ikerketei ematen zaien ikusgarritasuna baloratzen dituzte eta, hain zuzen ere, hori da bai Santinek bai Bilbaok erakundeei eskatzen diotena: ikusgarritasuna izateko laguntza.