Etxebarri (Bizkaia)
Titulurik gabeko udaltzainak jarritako isunek eta egindako atxiloketek ez dute balio juridikorik
EITB Media
Atxiloketa guztiak legez kanpokoak dira, eta, berez, bertan behera geratuko lirateke. Era berean, hiru urte horietan ezarritako isunak baliogabetuta geratu dira, eta herritarrei dirua itzuli beharko zaie.
Titulurik gabeko udaltzainak Etxebarrin (Bizkaia) hiru urtean zehar jarritako isunek, atxiloketek eta abarrek ez dute inolako balio juridikorik, ETBk jaitera eman duenez.
Ondorioz, sasi-udaltzainak egindako atxiloketa guztiak legez kanpokoak dira, eta, berez, bertan behera geratuko lirateke. Era berean, hiru urte horietan ezarritako isunak baliogabetuta geratu dira, eta herritarrei dirua itzuli beharko zaie.
Udaltzaina dagoeneko kaleratu dute. Etxebarriko Udaltzaingoan sartu zen barneko lan-poltsa baten bidez.
Iker Lopez Comeron Etxebarriko alkateak baieztatu duenez, Udalak udaltzain "faltsuari" buruzko ikerketa abiatu zuen bere lankide batzuen usteek bultzatuta, "curriculumarekin bat ez zetorren gauzaren bat" ikusi baitzuten. Era berean, adierazi du ez zetorrela Arkautiko lan-poltsatik, baizik eta Udalaren beraren hautaketa-prozesu baten bidez kontratatu zutela.
Bestalde, kaleratzea errekurritu duen langileak "Udaltzaingoaren eskumenekoak diren lan guztiak" egin ditu, alkateak onartu duenez. Lopez Comeronen esanetan, Udalak ez du curriculumean aurkeztutako agiriak "egiaztatzeko betebeharrik".
Zentzu horretan, herritar askok uste dute neurri "zorrotzagoak" behar direla udaletako kontratazio protokoloetan.