HILKETA MATXISTA
Gizon batek emaztea hil du Galizian eta bere buruaz beste egiten saiatu da
Agentziak | EITB Media
Erasoa Viveiro herrian gertatu da. Ustezko hiltzaileak hainbat ebaki zituen atxilotu dutenean eta erietxean ingresatu dute. Emakumeak ez zuen aurretik tratu txarrei buruzko salaketarik jarri, Galiziako epaitegi nagusiak baieztatu duenez.
42 urteko emakume bat hil du asteazken honetan bikotekideak Lugoko Viveiro herrian. Ustezko erasotzailea biktimaren bikotekidea da eta bere buruaz beste egiten saiatu da. Erietxe batean ingresatuta dago, Poliziaren zaintzapean.
Ikerketako iturriek jakinarazi dutenez, arma zuri batekin egin du erasoa gizonak. Horrez gainera, berak ere hainbat ebaki zituen eta ospitalera eraman dute.
Galiziako Justizia Epaitegi Nagusiak jakinarazi duenez, emakumeak ez zuen aurretik tratu txarren salaketarik jarri ustezko erasotzailearen aurka eta epaitegiko datu baseak baieztatu du ez duela gizonezkoaren aurrekaririk jasota.
Berdintasun Ministerioak "hilketa matxista" baten aurrean gaudela adierazi du eta gertatutakoa gaitzetsi du. Ana Redondo Garcia Berdintasun ministroak eta Carmen Martinez Perza Genero Indarkeriaren aurkako Gobernuaren delegatuak "hilketa matxista honen aurrean gaitzespen eta arbuio irmoa" adierazi dute komunikatu baten bidez eta "biktimaren familia eta lagunei babes osoa" helarazi diete.
Biktima Rejane S. de G. zen, jatorriz brasildarra eta duela 16 urtetik Galizian bizi zena. Berak eta ustezko erasotzaileak, 40 urteko Ramon C. L.k, 11 urte zeramatzaten bikote harremanean.
Kasu hau konfirmatuta, 46 emakume hil dituzte genero indarkeriaz 2024an Espainian. 2003tik, datua jasotzen hasi zenenetik, gaur arte hildakoak 1.291 dira.