EGURALDIA
Giro fresko eta umela San Tomas egunean, Bilbon eta Donostian
EITB Media
Bilbon argiagoa izango da aroa, baina ez da baztertzen goizean zehar tantaren bat jaustea. Donostian, euria egin dezake egun guztian zehar, baina egitekotan txikia. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta horrek hotz sentsazioa areagotuko du.
Negua hasi berri denean ospatzen da San Tomas azoka, eta eguraldiak ere sasoiaren araberako traza izango du: giro freskoa izango da (13-14 ºC-ko maximoak) eta zerua hodeitsu egongo da, batez ere Donostian. Gipuzkoako hiriburuan umelagoa izango da aroa. Bilbon, ordea, ostarteak zabalduko dira une askotan, eta eguzkia ikusteko aukera izango da tarteka.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak hitzordurako egin duen iragarpen bereziaren arabera, Bilbon apenas egingo du euririk, eta egitekotan, goizean. Gainerakoan, ostarteak eta hodeiak tartekatuko dira. Ipar-mendebaldeko haizeak ez dio tenperaturari gehiegi igotzen utziko: minimoak 7 ºC-koak izango dira, eta maximoek ez dute 14 ºC-ko langa gaindituko.
Donostian lainotuago egongo da zerua, eta giroa, umelagoa. Tarteka euri txikia egingo du: litro askorik ez da pilatuko, baina eguneko edozein unetan busti dezake. Ipar-mendebaldeko haizea tarteko, fresko egingo du, gainera. Hotzenak 6 ºC-koak izango dira, eta epelenak, 13 ºC-koak.