Itxi

Kalejira

Olentzero eta Mari Domingiren kalejirari Argiontzia farola eta abesti berri bat gehituko zaizkio Bilbon

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kalejira astelehenean, abenduak 23, abiatuko da 18:00etan, Moyua plazatik. Harrera hurrengo egunean izango da, Arriaga Antzokian, 11:00etatik 14:00etara.

Olentzero eta Mari Domingi, Bilbon. Argazkia: Bilboko Udala

Abenduaren 23an Bilboko kaleak zeharkatuko ditu Olentzero eta Mari Domingiren kalejirak, eta, aurten, Argiontzia izango da protagonista, "Galtzagorri Nagusia bizi den euskal tradizioaren farola". Horrez gain, 'Argiontziari kanta' gehituko dute errepertorio musikalean.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Gabonetako bi pertsonaiek bilera egin zuten ostegun honetan Bilboko udaletxean Itziar Urtasun Jaietako zinegotziarekin, datozen egunetan egingo dituzten jardueren xehetasunak aztertzeko.

Lehenengoa kalejira izango da. Abenduaren 23an, astelehena, "Bilboko kaleak berriro ere magiaz eta ilusioz beteko dituzte", Arriaga Antzokira iritsi arte. Izan ere, bertan, haurrei harrera egingo diete astearte goizean.

Olentzerok eta Mari Domingik ohiko kalejira hasiko dute abenduaren 23an, 18:00etan. Carlton hoteleko balkoitik agurra egin ondoren, segizioak Moyua plaza zeharkatuko du, ohiko trafikoaren kontrako norabidean. Hortik, Kale Nagusia zeharkatu eta Arriaga Antzokiaren aurreko plazara abiatuko da.

Kalejira Gaztedi Dantzari Taldeak eta Salbatzailek alaituko dute, eta joaldunen talde bat arduratuko da segizioa irekitzeaz, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera bazter guztietara zabalduz.

Ibilbidea 19:00ak aldera iritsiko da Arriaga Antzokira, "argiz eta kolorez betetako antzerki eta musika ikuskizun batekin, zirkuko eta Zuberoako inauterietako tradizioak uztartzen dituzten jantziekin jantzitako pertsonaiekin".

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziarekin batera, ongietorria egingo die Olentzerori eta Mari Domingiri. Ondoren, Arriaga Antzokiko balkoira igoko dira eta, bertan, 'Olentzero', 'Horra Mari Domingi' eta 'Argiontziari Kanta' abestuko dituzte.

Harrera

Ohi denez, astearte goizean, abenduaren 24an, Olentzerok eta Mari Domingik harrera egingo diete Bilboko neska-mutilei, 11:00etatik 14:00etara.

Sarrera-ordena bermatzeko eta itxaronaldiak murrizteko, txanda-sistema bat erabiliko da, Bilbao Kulturaren webgunean eskatutako doako sarreren bidez.

Gainera, Udalak hainbat jarduera prestatu ditu antzokiaren kanpoaldean goiz osorako, hala nola talo tailerrak eta makillaje artistikoko postuak. Era berean, Lamia eta Galtzagorri Nagusia "bat-batean eta ezustean" agertuko dira antzerki eta musikarekin, Arriaga plazari "magia kutsua emateko".