Seaska Ikastolen Elkartea
Peio Jorajuriaren aldia amaituta, hiruko lehendakaritza izango du Seaskak urtarriletik aurrera
EITB Media
2019tik lehendakari izan denak txalo artean utzi du kargua, larunbat honetan Kanbon egin duten batzarrean. Erik Etxart izango da Ipar Euskal Herriko Ikastolen bozeramailea, eta alboan izango ditu Sophie Layus eta Antton Etxeberri. Urtarrilaren 13an gauzatuko da lehendakarikideen kargu-hartzea.
Hiru lagunek beteko dute urtarrilaren 13tik aurrera Peio Jorajuriak, 2019tik gaurdaino Seaskako lehendakari izan denak, aurki utziko duen tokia.
Hala jakinarazi du Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen elkarteak ohar bidez, larunbat honetan Kanbon, Seaskaren egoitzan, egin duen biltzar nagusiaren ostean.
Ipar Euskal Herriko 39 ikastoletako ia 150 ordezkari izan dira bertan, eta gehiengo osoz onartu dituzte 2023/2024 ikasturteko txosten morala eta kontuak.
Zazpi gurasok eta langileen bi ordezkarik osatzen duten Seaskako batzorde eragilea berritu da, eta, hain zuzen ere, batzorde eragile berriak izendatu du urtarriletik aurrera elkartearen gidaritza izango duen hiru buruko lehendakaritza. Lan-karga handitu izana da hirutasunaren arrazoia.
Erik Etxart izango da Seaskako bozeramailea eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin lotura egingo duena. Urdiñarben (Zuberoa) bizi den enpresaburua Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioko guraso eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde da.
Sophie Layus arduratuko da langileez eta kanpo-harremanez. Lekuinen (Lapurdi) bizi da eta Etxepare Lizeoko guraso da.
Antton Etxeberrik ikastolekin eta herriko etxeekin izango du harremana, eta garapenaz ere arduratuko da. Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) bizi den langilea Oztibarreko Ikastolako eta Etxepare Lizeoko guraso da.
Peio Jorajuriak abendu hasieran iragarri zuen kargua uzteko asmoa. 2012. urtetik Seaskako Administrazio Kontseiluko kide eta 2019tik lehendakari izan denak "txalo beroak" jaso ditu batzarrean.