Barne-ikerketa
Amaia Zabarteren abokatuari baimena eman dio epaileak istiluen irudi guztiak ikusteko
EITB MEDIA
Horrez gain, epaileak Ertzaintzari eskatu dio identifika ditzala dispositiboan aritu ziren ertzainak. Epaileak kaleratutako ebazpenak dio, behin txostena jasota erabakiko duela ertzainak deklaratzera deituko dituen ala ez.
Anoeta estadio inguruan Realaren eta PSGren partida atarian Ertzaintzaren poliziaren karga batean larri zauritu zen Amaia Zabarteren defentsari egun hartako irudiak eskuratzeko aukera eman dio epaileak. Segurtasun Sailak dituen irudi guztiak ikusteko aukera izango du defentsak, Zabarteren abokatuak aurkeztutako helegitea eta fiskalak ere bat egin zuen defentsaren eskaria onartu baitu azkenean epaileak.
Horrez gain, epaileak Ertzaintzari eskatu dio identifika ditzala dispositiboan aritu ziren ertzainak. Epaileak kaleratutako ebazpenak dio, behin txostena jasota erabakiko duela ertzainak deklaratzera deituko dituen ala ez.
Amaia Zabarte 44 urteko emakume irundarra larri zauritu zuten Anoeta estadioaren inguruan, Realaren eta PSG taldearen partida aurretik izan ziten istiluetan. Zabarte, gainera, ez zen liskarretan parte hartzen ari.
Donostiako Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak ikerketa abiatu zuen desordena publikoengatik, baina handik gutxira artxibatu egin zuen behin behinean. Orain, familiak ezarritako helegitearen ondotik lortu da auzia berriz zabaltzea.
Iker Sarriegi familiaren abokatuak, baina, helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Auzitegian, eta hark auziaren behin-behineko artxiboa baliogabe uztea erabaki zuen iragan azaroan, eta kasuari buruzko beste ikerketa-eginbide batzuk egiteko agindu zion instrukzio-epaitegiari.
Orain, epaileak onartu egin du Zabarte familiak istilu horietan grabatutako irudi guztiak ikusi ahal izatea. Orain arte, minutu eta erdi inguruko bideo bat baino ez zitzaion gehitu auzi horri.
"Poztasuna" familian
Zabarteren familiaren abokatua "pozik" agertu da albistearekin, baina Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean aitortu du aldaketa hori Fiskaltzak familiak jarritako errekurtsoarekin bat egin ondoren etorri dela. Epailea "behartuta" sentitu dela uste du Sarriegik.