Itxi

MIGRAZIOA

10.457 migratzaile hil ziren 2024an Espainiara iritsi nahian, batez beste 30 egunean

EITB MEDIA

Caminando Fronteras elkarteak jakitera eman duenez, aurreko urtearekin alderatuta % 58 igoera izan du zifrak.

Etorkinak ontzi batean. Irudia: EITB Media

10.457 pertsona hil ziren 2024an Espainiako kostaldera iristeko ahaleginean, hau da, egunean ia 30. Aurreko urtearekin alderatuz, % 58 hazi da kopurua, Caminando Fronteras erakundeak jakitera eman duenez.

Gobernuz kanpoko erakundeak Espainiara bidean migranteek desagerpenak aztertzen ditu. Lan horretan hasi zenetik erregistratu duen kopuru altuena da 2024 urteari dagokiona. 2023an hildako 6.618 pertsonek ia hirukoiztu egin zuten aurreko urteko zifra.

2024ari dagokionez, Caminando Fronterasek azpimarratu du bizia galdu zuten pertsonen artean 421 emakume zeudela eta 1.538 haur edo nerabe. Kanariar Uharteetarako ibilbide Atlantikoa "mundu mailan dagoen hilgarriena" dela nabermendu du Caminando Fronteras erakundeak. Gertatutako heriotzen % 93, 9.757 biktimarekin, bide horretan jazo da. Aljeriako ibilbidean 517 lagun hil ziren, 110 itsasartean eta 72 Alborango bidean.

Txostenak nabarmentzen duenez, iaz 131 ontzi desagertu ziren arrastorik utzi gabe, barruan zeramatzan etorkin guztiekin.

Era berean, Mauritanatik egindako irteeren "gorakada nabarmena" azpimarratu du, eta Kanariar Uharteetarako "migrazio-bidegurutze nagusi gisa finkatu" dela azpimarratu du".

Hilabeteka, apirila izan zen heriotza gehien erregistratu zituena (1.284), maiatzaren (1.103) eta otsailaren (1.093) aurretik.