MIGRAZIOA
70 pertsona migratzaile desagertu dira Marokoko uretan, Espainiara bidean zihoan ontzi bat hondoratuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Maliko Gobernuak jakitera eman duenez, joan den astean izan zen hondoratzea. Caminando Fronteras erakundeak zabaldutako datuen arabera, 10.457 pertsona hil ziren 2024an Espainiako kostaldera iristeko ahaleginean, hau da, egunean ia 30. Aurreko urtearekin alderatuz, % 58 hazi da kopurua.
70 pertsona migratzaile desagertuta daude Marokoko uretan, Espainiarako bidean zihoan ontzi bat hondoratu ondoren, Maliko Gobernuak bart zabaldutako ohar batean jakinarazi duenez. Hondoratu zenean, 80 pertsona inguru, gehienak maliarrak, zihoazen ontzian, eta horietatik hamar erreskatatu dituzte bizirik.
Egoera bideratzeko eta desagertuen familiei laguntzeko, krisi kabinetea jarri du martxan Gobernuak. "Egoera mingarri honetan, gure doluminak helarazi naiz dizkiegu biktimen familiei", dio oharrak.
10.457 pertsona hil ziren 2024an Espainiako kostaldera iristeko ahaleginean, hau da, egunean ia 30. Aurreko urtearekin alderatuz, % 58 hazi da kopurua, Caminando Fronteras erakundeak atzo jakitera eman zuenez.
Gobernuz kanpoko erakunde horrek Espainiara bidean desagertzen diren pertsona migranteen kasuak aztertzen ditu. Lan horretan hasi zenetik erregistratu duen kopuru altuena da 2024 urteari dagokiona. 2023an hildako 6.618 pertsonek ia hirukoiztu egin zuten aurreko urteko zifra.
2024ari dagokionez, Caminando Fronterasek azpimarratu zuen bizia galdu zuten pertsonen artean 421 emakume zeudela eta 1.538 haur edo nerabe. Kanariar Uharteetarako ibilbide Atlantikoa "mundu mailan dagoen hilgarriena" dela esan zuen . Gertatutako heriotzen % 93, 9.757 biktimarekin, bide horretan jazo da. Aljeriako ibilbidean 517 lagun hil ziren, 110 itsasartean eta 72 Alborango bidean.