Itxi

Bizkaia

Aske gelditu da Arrigorriako dendari bat jipoitzeagatik atxilotutako gaztea

EITB Media

Leer en Castellano

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gorroto eta lesio delituak egon daitezkeelakoan eta gainerako erasotzaileak atzemateko asmoz. Biktima erietxera eraman zuten eta zauriak osatzeko ebakuntza beharko du.

Arrigorriagako herritarrek elkarretaratzea egin zuten erasoa gaitzesteko. Argazkia: EITB Media.

Joan den ostiralean Arrigorriagako denda baten jabeari emandako jipoian parte hartzeagatik atxilotu zuten 20 urteko gaztea aske geratu da, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Atxilotuak joan den larunbatean deklaratu zuen epailearen aurrean, eta astelehen honetan aske utzi dute. Ertzaintzak ikerketa zabalik du oraindik gorroto- eta lesio-delituengatik eta erasoaren gainerako egileak aurkitzeko lanetan dihardu.

Gertakariak ostiral arratsaldean, abenduaren 27an, izan ziren. Abisua jaso ondoren, Arrigorriagako udaltzainak biktima jabea zen bazarrera gerturatu ziren eta zaurituta aurkitu zuen.

Ikerketaren lehen emaitzen ondorioz, susmagarri nagusia, 20 urteko gaztea, udal-bulegoetara joan zen eta bertan atxilotu egin zuten.

Biktima ospitalean artatu behar izan zuten. Zauriak osatzeko ebakuntza egin beharko diote. 

Arrigorriagako herritarrek igande eguerdian gertatutakoa gaitzetsi zuten, udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean.

Bestalde, SOS Arrazakeriak salatu duenez, horrelako ekintzak "ez dira puntualak", "gure gizartean oso errotuta jarraitzen duten arrazakeria eta xenofobia erakusten dutelako".

Albisteak (3)