Itxi

Emakumeen aurkako indarkeria

Elkarretaratzeak egingo dituzte gaur arratsaldean Barakaldon, 84 urteko emakumearen hilketa matxista salatzeko

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Bizkaiko udalerrian 18:30ean egingo dute bilkura, Argitan zentro feministak deituta. Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere elkarretaratzeak egingo dira, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren ekimenez.

Aurreko larunbateko elkarretaratzea, Barakaldon. Argazkia: EFE

Argitan Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxeak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean, Errontegi auzoan ustez semeak hil duen 84 urteko emakumearen hilketa matxista salatzeko. Halaber, Hego Euskal Herriko hiriburuetan bilkurak izango dira, kasu horretan Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren ekimenez.

Krimena aurreko ostiralean, urtarrilaren 3an, izan zen, Barakaldoko Errontegi auzoan. Ertzaintzak aurkitu zuen emakumea hilda, eta lehenengo zantzuen arabera familia barruko indarkeria kasua zela zirudienez, agenteek biktimaren semea atxilotu zuten, 63 urtekoa, eta igandean epaileak espetxera bidali zuen. Gizon matxistak bikotekide ohiarengandik urruntze agindua zeukan indarrean, tratu txarrak emateagatik. Hain justu, hori izan zen amaren etxera bueltatzeko arrazoia.

Barakaldoko agintariek eta herritarrek larunbatean egin zuten elkarretaratzea gertatutakoa salatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako jarrera agertzeko, Herriko Plazan, Udalak deituta.

Argitan kolektiboak, berriz, gaur arratsalderako deitu du elkarretaratzea Bide Onera Plazan, 18:30ean, "Erasorik ez, erantzunik gabe. Bat gehiago ere ez!" lelopean.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak bat egin du elkarretaratzearekin, eta Barakaldon ez ezik, Bilbon (19:30, Arriaga Plaza), Donostian (19:00, Boulevard), Gasteizen (19:30, Andra Mari Zuriaren plaza) eta Iruñean (Udaletxe plazan) ere antolatu ditu protestak.