EGURALDIA
Haizeagatik alertapean izango dira bihar Araba eta Bizkaia, 120 km/h-ko ufadak gainditzea espero baita
EITB MEDIA
Hego-mendebaldeko haizeak indarra hartuko du arratsaldetik aurrera, eta hala, abisu horia aktibatu dute bi lurraldeotan eta Nafarroako Kantauri isurialdean. Bihar are zakarrago joko du, eta 06:00etatik 12:00ak arte alerta naranjapean izango dira Araba eta Bizkaia.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeagatik alerta laranja ezarriko du bihar, asteazkena, Arabako eta Bizkaiko haizeguneetan 120 km/h baino gehiagoko boladak espero baitira. Gipuzkoan, Nafarroako zati batean eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, abisu horian izango dira.
Euskalmet euskal meteorologia agentziak egindako iragarpenaren arabera, asteburuko haize zakarrak indarra hartuko du gaur arratsaldean, eta 100 km/h-ko ufadak gaindi dezakete Araba eta Bizkaiako haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Bestalde, Bizkaia eta Arabako haizelekuak ez diren lekuetan, haize-boladak 70-80 km/h ingurukoak izan daitezke. Hori horrela, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du 18:00etatik aurrera.
Asteazkeneko 06:00etan abisua alerta bilakatuko da, bortitzago joko baitu haizeak. Hego-mendebaldeko haize boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Araba eta Bizkaiko haizelekuetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Eguerditik aurrera, baina, indarra galduko dute ufadek, eta orduan, abisu horia ezarriko dute eguna bukatu arte.
Gipuzkoa abisupean egongo da asteazkenean: haizeguneetan 100 km/h-koak izango dira boladak, eta leku ez haizetsuetan, 80 km/h-koak.
Bestalde, Aemet Espainiako meteorologia agentziak abisu horipean jarriko du gaur arratsaldean Nafarroako Kantauri isurialdea (erkidegoaren ipar-ekialdea). 70 km/h-ko ufadak espero dira 14:00etatik 00:00ra. Asteazkenean, Pirinioak ere abisupean izango dira (gauerditik 18:00etara), han 100 km/h-ko boladak izango dira.
Ipar Euskal Herrian ere abisua ezarri du biharko Meteofrancek (00:00tik 20:00etara).