Itxi

Halloween tragikoa

Zer gertatu zen Madrid Arena pabiloian?

Erredakzioa

Lekukoen testigantzak eta agintarien bertsio ofiziala kontraesankorrak dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Halloween gaueko jai dibertigarria izan behar zuena tragedia bihurtu zen atzo Madrilen: 18 urteko hiru neskato hil egin ziren, eta beste bi gaztek (tartean adingabe bat) zauri kritikoak izan zituzten, jende-olde batek harrapatuta.

Datu horietatik aurrera, ez dago oso argi zehazki zer gertatu zen. Izan ere, lekukoen testigantzak eta agintarien bertsio ofiziala kontraesankorrak dira.

Miguel Angel Villanueva Madrilgo alkateordearen esanetan, udalaren enpresa batek alokatu zuen Madrid Arena pabiloia, segurtasun neurriak bete egiten ziren, eta antolatzaileek 9.650 sarrera saldu zituztela esan zieten (baimendutako edukiera 10.600 pertsonakoa omen zen).

Halaber, adingabeek jaian sartzea debekatuta zutela eta, beraz, pabiloian adingaberik ez zegoela esan du.

Dena dela, frogatuta dago azken datu hori ez dela egia, larri zaurituetako bat 17 urteko neskato bat baita.

Lekukoen esanetan, gainera, sarreran ez zegoen inolako kontrolik, eta segurtasun agenteek ez zuten nortasun agiria eskatzen.

Pabiloian baimendutakoa baino jende gehiago zegoela ere salatu dute. "22.000 pertsona baino gehiago zeuden, lotsagarria!", esan du erabiltzaile batek, Twitterren. Horren testigantzarekin batera, zentroa lepo zegoela erakusten duen argazki bat gaineratu du.

Beste txio batean, pabiloian baimendutakoa baino 7.400 pertsona gehiago zeudela esan du beste pertsona batek.

Ezbeharra jazo eta gero Polizia lekua husten hasi zela ere ukatu egin dute: "Musika bost minutuz baino ez zuten eten, eta ondoren festak aurrera egin zuen".

Madrilgo 51. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.

Poliziaren ikerketa

Ikerketaren iturrien arabera, jende uholdea kontrol gabe sartu zen pabiloira, Steve Aoki disko-jartzailea jarraitzera (03:00etan hastekoa zen emanaldia). Horietako askok ez zuten sarrerarik.

Aldi berean, pabiloiaren barruan zeuden jede asko goiko lekuetara igotzen hasi ziren, emanaldia hobe ikusteko. Ondorioz, bi mugimendu horiek kolapsatu egin zituzten eraikineko gune batzuk.

Gaur, Poliziak bengala bat atzeman du ezbeharra izan den lekuan; hori izan liteke jende-oldea eragin zuena.

Albisteak (2)

Bideoak (2)