Tragedia Madrilen
Halloween jaian zauritutako adingabea hil da
Erredakzioa
Madrilgo Arenan izandako jaialdian beste hiru gazte hil ziren. Bigarren zaurituak ospitaleratuta jarraitzen du, oso larri.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Madrigo Madrid Arena aretoan izandako Halloweeneko jai jendetsuan zapalketa baten ondorioz zauritutako adingabea hil da gaur Doce de Octubre Ospitalean, 08:50ean, osasun zentro honetako iturriek jakitera eman dutenez.
17 urteko gaztea oso larri zegoen, ostegunean ospitaleratu zutenetik. Beste zauritua Jimenez Diaz Fundazioan dago ospitaleratuta, oso larri ere.
Bi gazteek zauri handiak jaso zituzten zapalketaren ondorioz. Minutu batzuk egon ziren arnas egin ezinik eta Samurreko medikuek neskatoak berpizten lortu zuten.
Adingabeko neskaren heriotzarekin lau dira Madrid Arenako festako zapalketaren ondorioz hildakoak.
Bitartean, Polizia gertatutakoa ikertzen ari da: Steve Aoki musika elektronikoko izarraren festan bengalak ote zeuden, baimendutakoa baino lagun gehiago ote zeuden edo adingabekoak sartu ote ziren.
Halaber, Ana Botella Madrielko alkateak oposizioak eskatu duen ikerketa batzordea onartu du, hobetu beharreko gauzen eztabaida bat irekitzeko.
Botellak eta Madrileko alkateordeak dagoeneko esan dute festa antolatu zuen Diviertt enpresak baimendutako lagunen kopurua gainditu badu, Madrileko Udalak akusazio gisa parte hartuko duela.
Halloweeneko festa
Azaroaren 1eko goizaldean gertatu zen tragedia, Madrid Arenan egindako Halloween festan. Dirudienez, bengala bat eta hainbat petardo jaurti zituzten eta jendea beldurtu egin zen, tiroak zirelakoan. Jendea pilatu egin zen eta zenbait pertsona harrapatuta geratu ziren.
Gertatutakoaren abisua 4:05ean jaso zuten Larrialdi Zerbitzuek. Abisuan esan ietenez, 18 eta 25 urte bitarteko zenbait gazte bihotz-birikien geldialdi traumatikoa pairatzen ari ziren, antza denez, jende pilaketa baten ondorioz.
Iturrien arabera, bi neska festaren egoitzako botika-kutxan bertan hil ziren 30 minutuz suspertzen saiatu ondoren. Hirugarrena Ospitale Klinikora iristerakoan hil zen.
50 osasun-langile
Lehenengo osasun langileak bi minututan iritsi ziren, eta, ondoren, bost UVI mugikor, lau anbulantzia eta laguntzeko hainbat ibilgailu heldu ziren. Guztira, Samurreko 50 osasun langile aritu ziren gazteak artatzen.
Madrilek ez du festa handietarako Udaleko instalaziorik alokatuko
Ildo honetan, Ana Botella Madrileko alkateak esan duenez, Madrileko Udalak ez du "inoiz gehiago" udal-instalaziorik ezta Udaletxeko eraikinik ere alokatuko festa handiak egiteko.
Ez zegoen jende gehiegi
Madrid Espacios y Congresos Madrid Arenako enpresa jabearen arabera, "ez zen irteeretan arazorik izan", gainera, antolatzaileek helarazi zietenez, ez zen baimendutako jende kopurua gainditu.
Komunikatu baten bidez, Madrid Arenan gertatutakoa deitoratu eta gauzak argi utzi nahi izan dituzte: "zabaltzen ari diren informazioak ikusita, gertatutakoak Madrid Arenaren azpiegiturekin, baldintzekin eta segurtasunarekin zerikusirik izan ez duela azpimarratu nahi dugu".
10.000 pertsonarentzako lekua
Madril Arenak 10.000 pertsonarentzako lekua du. "Diviertt" enpresak Halloween gaueko festa ospatzen zuen bertan, "Thriller Music Park" izenarekin. Sarrerak 25 euroan saldu zituzten. Antolatzaileen hitzetan, festak "giro beltza eta dibertigarria" izango zuen, "ikus-entzuteko efektuei esker".
Diviertt enpresaren arabera, 10.600 sarreretatik 9.650 saldu zituzten.
Jorge Morales Diviertt S. L. enpresako bozeramaile eta abokatuak berretsi du inor ez zela sarrerarik gabe sartu,"sartzeko hiru kontrol zeudelako eta gainera, sarrerak egiazkoak edo faltsuak ziren ziurtatu ahal zitekeelako".
Gainera, ukatu egin du sarreren birsalmenta egon zenik edota fotokopiak erabili zirenik festara sartu ahal izateko.