Ahozko saioa
Marta del Castilloren gurasoek epaiketa errepikatzea eskatu dute
Erredakzioa
Fiskalak, familiak eta Miguel Carcañok aurkeztutako helegiteak aztertu ditu Gai Penaletarako Gelak. Carcañori 20 urteko kartzela zigorra ezarri zion epaileak.
Sevillako epaitegiaren epaia baliogabetzea eta Miguel Carcaño hiltzaileari eta Francisco Javier Delgado anaiari, María Garca neska-lagunari eta Samuel Benitezi, epaiaren arabera hilotza ezkutatzen lagundu zutenei, epaiketa berriz egitea eskatu dute Fiskaltzak eta Marta del Castilloren gurasoek.
Gai Penaletarako Gelak fiskalak, familiak eta Miguel Carcañok aurkeztutako helegiteak aztertu ditu. Carcañori 20 urteko kartzela zigorra ezarri zion epaileak, baina bortxaketa delituaren akusazioan errugabetzat jo zuen. Horrez gain, epaileak Carcañoren anaia eta neska-laguna errugabetzat jo zituen hilotza ezkutatzen laguntzeko delituan.
Fiskalaren aburuz, gertakariak "oker" kontatuta, alaba bizirik egon zitekeela pentsatzeko itxaropena eman zien Carcañok Martaren del Castilloren gurasoei, eta familiaren mina luzatu egin zuen, “era krudelean eta inolako beharrik gabe”.
Gainera, Carcañok Estatuak Sevillan (Guadalquivir ibaian, Alcala de Guadairako zabortegian eta Camasen) egindako bilaketetan gastatu zuen dirutza, 616.319 euro, ordaindu behar duela ere esan du fiskalak.
Epaitegiaren erabakiak logikarik ez duela esan dute fiskalak eta Martaren gurasoek.
Egia jakiteko eskubidea
Martaren familiaren abokatuak, Jose Manuel Calvok, epaia baliogabetzea eta "kutsatuta" ez dauden epaile batzuekin errepikatzea eskatu du. Gainera, gertakari berari buruzko bi epaien artean kontraesana dagoela azaldu du (adingabeentzako eta adindunentzako epai bana eman zuen epaitegiak).
Miguel Carcañoren abokatuak, berriz, bere bezeroa homozidioagatik (eta ez hilketagatik) epaitzea eskatu du. Abokatuaren ustez, azpikeria gaizki aplikatu zuten; izan ere, Carcañok hautsontziarekin jo zuenean “Martak bere burua defendatzeko aukera izan zuen”, haren esanetan.