5. URTEURRENA

Alarma-egoeratik bost urte: Pandemiak etxean giltzapetu gintuen eta bizitzak hankaz gora jarri zituen

A. S. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

2020ko martxoaren 13an Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen osasun-alerta ezarriko zuela koronabirusari aurre egiteko. Biharamunean, gaur bost urte, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma-egoera ezarri zuen. Horrek guztiak pertsonen eguneroko bizimodua nahas-mahas utzi zuen.

Iruñeko Gazteluko plaza hutsik, 2020ko alarma egoeran zehar. Artxiboko irudia: EFE

Iruñeko Gazteluko plaza hutsik, 2020ko alarma egoeran zehar. Artxiboko irudia: EFE

Koronabirusaren pandemia geldiarazteko asmoz 2020ko martxoaren 13an Iñigo Urkullu lehendakariak EAEn osasun-alerta edo -larrialdia aitortu eta indarrean jarri ondotik, biharamunean, gaur bost urte, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma-egoera dekretatu zuen. Agerraldi hark milioika pertsonaren bizitzak erabat aldatu zituen.

Pertsonen mugikortasuna eta jarduera ekonomikoa murrizteko neurri zorrotzak iragarri zituen; tartean, itxialdia. Ezohiko neurria zen hura. Ezezaguna euskal gizartearentzat. Bi egun geroago, etxean sartu ginen, eta 15 egun iraun behar omen zuen itxialdiak hiru hilabete iraun zuen.

Martxoaren 16 goizean Euskal Herria mutu esnatu zen; kale hutsak, haurrik gabeko parkeak, eskoletako zerrailak itxita... Lehen asteetan hartutako neurriak oso zorrotzak izan ziren. Osasun langileak eta funtsezko zerbitzuetan lan egiten zutenek soilik zuten lanera joateko baimena, eta herritarrak elikagaiak eta farmaziako produktuak erosteko eta oinarrizko beharrei erantzuteko soilik atera zitezkeen etxetik. Ikasgelak, itxita. Haurrak eta gazteak, etxean. Txikienak, jolasean, zaharxeagoak, eskolak Internet bidez jarraitzen. Milaka langile telelana egitera behartuta.

Gure egunerokoa guztiz aldatu zuen konfinamentuak. Lagunartekoak hitzordu birtual izatera igaro ziren. Bideo-deiak harremanetarako tresnak bilakatu ziren, eta osasun-langileei txaloak, eguneroko errutina.

40 egun iraun zuen itxialdi zorrotz hark. Zurrunbilo horren erdian, baina, apirilak aurrera egin ahala, lehen argi-izpiak ikusten hasi zen gizartea. Hilaren 26an, Espainiako Gobernuak baimena eman zuen 14 urtetik beherako haurrak kalera ateratzeko, hori bai, ordubetekoak eta egunean behin. Egun batzuk geroago, maiatzaren 2tik aurrera, berriz, konfinamenduaren arintzen hasi zen: kirola kalean egiteko baimena, eta, besterik gabe, paseotxoak emateko aukera. Hori bai, adinaren arabera, orduka antolaturik.

Pixkanaka neurriak arintzen joan ziren eta Sanchez presidenteak ekainaren 21ean alarma-egoera amaitu zela iragarri zuen. "Normaltasun berria", hitzok erabili zituen itxialdiaren ondorengo aro berria izendatzeko. Eta hala izan zen. Itzulerak neurri gogorrak zekartzan: musukoa nahitaez erabili behar zen, eta segurtasun-distantzia zorrotzari eutsi behar genion, esaterako.

Bost urte igaro dira ordutik, baina pandemiak lorratza utzi du gizartean. Hiru hilabete iraun zuen konfinamenduak, baina bertan geratu diren ohiturak ekarri zituen; farmazietan, adibidez, covid-19 testak eta maskarak saltzen jarraitzen dute gaur-gaurkoz, eta produktu horien eskari handia dagoela adierazi dute farmazialariek. Bizi ohitura asko ere aldatu zituen pandemiak, eta terrazetan kontsumitzeko ohitura, adibidez, geratzeko etorri zen.