Trafikoa

Neguko Bidezaintza Plana martxan, modu prebentiboan

EITB Media

Leer en Castellano

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariaren hitzetan, "Euskalmeten iragarpenaren arabera, ez da arazo handirik espero trafikoan", baina "errepidean elurra edo izotza badago, ohiko gomendioak kontuan izatea", eskatu du.

Elurra Bilbo inguruko mendietan. Argazkia: EFE Elurra Bilbo inguruko mendietan. Argazkia: EFE

Elurra Bilbo inguruko mendietan. Argazkia: EFE

Astebururako eguraldi iragarpenaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bidezaintza Plana 18:00etan aktibatzea erabaki du, modu prebentiboan, Sailak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Dagoeneko eman diote Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoari erabaki horren berri. Trafikoa kudeatzeko eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakunde guztiak daude bertan ordezkatuta.

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariaren hitzetan, "Euskalmeten iragarpenaren arabera, ez da arazo handirik espero trafikoan, baina, hala ere, Neguko Bidezaintza Plana modu prebentiboan aktibatzea erabaki dugu".

Olabarriren esanetan, "errepidean elurra edo izotza badago, garrantzitsua da ohiko gomendioak kontuan izatea, hala nola abiadura murriztea, astiroago gidatzea eta aurrean doazen ibilgailuekin ohikoa baino segurtasun-distantzia handiagoa mantentzea".

Beharrezkoa izango balitz, Eusko Jaurlaritzak, prebentzio moduan, 7 garabi astun jarriko ditu errepide-sare nagusian, kamioirik gurutzatuz gero ahalik eta arinen erretiratu ahal izateko.

Gainera, baliabide gehiago jarriko ditu gertakariak kudeatzeko eta telefono-deiak artatzeko, bai 011n (trafikoaren ingurukoak artatzeko) bai 112an (larrialdiei aurre egiteko), eta gidariei beharrezko informazioa emango diete, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, web-orriaren, sare sozialen eta abarren bidez.

Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duen 2024-2025eko Neguko Bidezaintza Planean jasota dagoenez, elurra kentzeko 215 makina aktibatu ahalko dituzte (iaz baino bederatzi gehiago), baita ibilgailu astunak erretiratzeko 7 garabi (puntu estrategikoetan) eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailu ere.

Horiei Ertzaintzaren Trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da.