Sutea

Itzali dute gas-ihes batek Gasteizko Salburua auzoan piztutako sutea

EITB Media

Sua 20:30 aldera piztu da Iliada pasealekuan, Errekaleor ibaiaren ondoan. Sutearen ondorioz, Salburua auzoko transformadorea kolapsatu egin da, eta etxebizitzen % 50 inguru argindarrik gabe geratu dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gasteizko Iliada pasealekuan, Errekaleor ibaiaren ondoan, piztutako sute handi batek argindarrik gabe utzi du Salburua auzoa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gas-ihes batek eragin du sutea. 22:00 aldera lortu dute sua itzaltzea.

Sutea 20:30 aldera piztu da. Hainbat suhiltzaile lanean aritu dira sutea itzaltzeko.

Argindarra moztu da, eta, horren ondorioz, inguruko bizilagun batzuk igogailuetan harrapatuta geratu dira, baina dagoeneko erreskatatu dituzte.

Sutearen ondorioz, Salburua auzoko transformadorea kolapsatu egin da, eta etxebizitzen % 50 inguru argindarrik gabe geratu dira, Iberdrolak adierazi duenez.

Gas-enpresak moztu egin du ihesa gertatu den hodia, eta horrek sua itzaltzea ahalbidetu du.

Suaren ondoko errepide zatia nola dagoen aztertuko da, tenperatura oso altuak izan direlako, eta baliteke kalteren bat eragin izana. Era berean, sutea itzali eta berehala sortutako gas-ihesa kontrolpean dira.

 

Bideoak (2)