EHIZA
Adin txikikoak ehiztari laguntzaile ibili ahal izango dira EAEn, adin mugarik eta lizentziarik gabe
AGENTZIAK | EITB Media
2011ko Ehiza legearen artikulu bat aldatzea onartu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak, ehiztari laguntzailearen figura sortzeko. Ehizan ari denaren laguntzaileak ez du lizentziarik ezta armarik izango.


Bi ehiztari eta txakur bat, mendian. EITB Mediaren artxiboko irudi batetik ateratako irudia
EAEko Ehiza legearen erreforma onartu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak, eta horren arabera, ehiztari laguntzaileek parte hartu ahal izango dute, baina ez dute lizentziarik ezta armarik izango. Halaber, adin txikikoa ere izan ahalko da, ez baita adin mugarik ezarri.
Gaur-gaurkoz, 2011ko Ehiza legeak 14 urtetik gorakoei ehiza egitea ahalbidetzen die.
Lege horrek, ordea, ez du ehiztari laguntzailearen figurarik aipatzen.
Zehazki, Ehiza legearen artikulu bat aldatuko da, laguntzailearen figura definitzeko eta arautzeko. Erreforma aurrera atera da Ehiza legea aldatzeko lege proposamena egin duten EAJren eta PSE-EEren aldeko botoarekin eta PPren eta Voxen babesarekin. EH Bilduk eta Sumarrek, ostera, aurka bozkatu dute.
Ehiztaria, hots, ehizerako lizentzia duena, izango da ehiztari laguntzailearen segurtasunaren eta haren arau-urraketen arduraduna.
Erreforma horri esker, belaunaldiarteko erreleboa errazteko eta zaletasuna suspertzeko ehiztarien kolektiboak egindako aldarrikapenei erantzuten zaiela nabarmendu dute EAJk eta PSE-EEk. PPk eta Voxek, ildo beretik, aldaketa txalotu dute.
EH Bildu eta Sumar, berriz, laguntzaile izateko adin muga bat ez arautzearen aurka agertu dira.