Werten erreforma
Celaa: 'Erreforma inkonstituzionala, atzerakoia eta baztertzailea da'
Erredakzioa
Hezkuntza sailburuak salatu duenez, erreformak ''eskumenak urratzen ditu erabat'', eta Gobernuaren proposamenak hizkuntza-politikan egondako "adostasun guztiak hausten ditu".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Isabel Celaa jarduneko Hezkuntza sailburuak salatu duenez, Espainiako Gobernuaren hezkuntza-erreformarako proiektua ''inkonstituzionala, atzerakoia eta baztertzailea'' da, eta "eskumenak urratzen ditu erabat". Halaber, Wert ministroaren jarrerak''muga guztiak gainditu ditu'', Celaaren hitzetan.
Sailburuak Radio Euskadin kritikatu duenez, "hizkuntza politikari dagokionez, adostasun historikoak hausten ditu, hizkuntza koofizialak hirugarren edo laugarren lekura baztertuta".
Ondoren, ohar baten bidez, oso gogor kritikatu du ministroak erakutsitako jarrera. "Testu bat hilabete baino gehiago lantzen ari izan ondoren, bileraren bezperan bidaltzen digu haren egiazko proposamena, eskuineko sektore kontserbadore eta atzerakoienen interesen neurrira egindako zirriborro bat ", esan du sailburuak.
"Gure proposametako bat ere ez dute kontutan izan eta, aurkeztu zaigun modua kontuan hartuta, batere begirunerik gabe jokatu duela esan dezakegu, inolaz ere onartuko ez duguna ", adierazi du Hezkuntza sailburuak ohar horretan. ''Ministroak hirugarren mailako irakasgai bihurtu du euskara'', salatu du Celaak. Jarduneko sailburuak prentsaurrekoa emango du asteazken honetan erreforma baloratzeko.
Ildo beretik aritu da Marian Ozcariz Hezkuntza sailburordea Wert ministroak deitutako bilerara sartu aurretik. Izan ere, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuaren ordezkari gisa joan da Madrilera Ozcariz. Haren hitzetan, Espainian hezkuntza mailan hizkuntzen erabileraren inguruan zegoen ''adostasun konstituzionala apurtuko du'' lege berriak.
''Guretzat orain arte lerro gorriak zirenak are gorriagoak dira orain. Euskadik planteatutako gogoetetatik ez da bat bera ere kontuan hartu'', esan du sailburordeak. Halaber, Gobernuko Hezkuntza Ministerioarekin joan den ostirala arte negoziatzen egon ondoren atzo igorritako testua ''funtsean oso ezberdina'' dela salatu du.
Bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren jarduneko bozeramaileak uste du proposamena "desegokia eta onartezina" dela. Era berean, izaera "ideologikoa" duela eta Hezkuntza Ministerioak "adostasunera" iristeko esfortzurik ez duela egin salatu du.
Mendiaren arabera, ez da ona hezkuntzan "erreformak" egitea etengabe, alor garrantzitsua delako, eta "adostasuna" bilatu beharko luketelako.
EAJk eta Amaiurrek ere erreforma kritikatu dute
EAJk eta Amaiurrek Kongresuan duten taldeekGobernuak aurkeztutako hezkuntza erreforma kritikatu dute, eta sistema ''espainolizatzekoasmoa'' dutela salatu dute.
Erreforma 'onartezina' dela esan eta planto egin dio Kataluniak Werti
Ministroak erkidegoetako hezkuntza ordezkariekin Madrilen egin duen bileratik alde egin du Irene Rigau Kataluniako jarduneko Hezkuntza kontseilariak, Gobernuak aurkeztu duen hezkuntza erreformak Kataluniako hezkuntzan izango lituzkeen ondorioak ''onartezinak'' direla esan ondoren.
Gaur arratsaldean Wertek testua berria aurkeztu duela azaldu du kontseilariak, baina atzokoarekin alde gutxi duela azaldu du. Halaber, testuak aurrera egiten badu Auzitegi Konstituzionalera joko dutela berretsi du Kataluniak.