Minbiziak jota
Chavez ebakuntza osteko prozesu 'zail eta gogorrean' sartu da
Erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak esan du “berandu baino lehenago” itzuliko dela presidentea herrialdera.
Hugo Chavez Venezuelako presidentea ebakuntza osteko prozesu "zailean eta gogorrean" sartu da, Kuban egindako operazioaren ostean, minbiziak jota, Venezuelako agintariek esan dutenez. Halaber, herritarrei "egun gogorretarako" prestatzeko eskatu diete.
Chavez ebakuntza-gelatik pasatu eta egun batera, Nicolas Maduro presidenteordeak eskaera hori egin die herritarrei. Chavezi 2011n diagnostikatu zioten minbizia, baina non duen eta zein motakoa den ez dute ofizialki jakinarazi.
Chavezek Venezuelatik irten baino lehenago Maduro izendatu zuen ondorengo politikoa, eta telebistan eta irratian honako mezu hau helarazi du: "operazio zaila eta delikatua "pasatu duela.
Diosdado Cabello Batzorde Nazionaleko presidentearekin eta Rafael Ramirez Petrolioko ministroarekin (atzo Chavezekin izan ziren) batera, Marudok esan du ebakuntza osteko prozesua "zaila eta gogorra" izango dela.
Hala eta guztiz ere, "berandu baino lehenago" itzuliko dela presidentea herrialdera nabarmendu du.
Venezuelako gobernuburua (58 urte ditu) urriaren 7an 2013-2019 denboraldirako hautatu zuten hirugarrenez. Agintaldia urtarrilaren 10ean hasi beharko du.