Inbestidura saioa
Chavez ez da, ostegunean, kargua hartzeko ekitaldian izango
Erredakzioa
EITB
Venezuelako Gobernuak jakitera eman duenez, ''geroago'' hartuko du kargua, Auzitegi Gorenean, Konstituzioaren 231. artikulua oinarri hartuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hugo Chavez ez da, hilaren 10an, kargua hartzeko ekitaldian izango, Diosdado Cabello Venezuelako Batzar Nazionaleko presidenteak baieztatu duenez.
"Ezin izango da egun horretan Batzar Nazionalaren aurrean agertu'', esan du Cabello, Maduro presidenteordeak bidalitako mezua irakurriz.
Jarraian, Chavezek kargua ''geroago'' hartuko duela baieztatu du Gobernuak, Auzitegi Gorenean eta ''Konstituzioaren 231. artikulua oinarri hartuta''.
Ordu batzuk lehenago Chavez aste honetan Venezuelan egongo den argitzeko eskatu dio Henrique Capriles oposizioko buruak Gobernuari, eta, ostegunerako antolatu dituzten ekitaldietara ez joateko deialdia egin die Latinoamerikako beste agintariei.
''Joko politikoan parte ez hartzeko eskatzen diet, errespetu osoz'', esan du Caprilesek. Bereziki egin die deialdia Rafael Correa, Juan Manuel Santos, Cristina Fernandez, Dilma Rousseff eta Evo Morolales agintariei.
Chavezen argibideak
Bestalde, Kubara abiatu aurretik Chavezek utzitako argibideei egin die aipamen Caprilesek, eta Chavez bera bertan egongo ez balitz, ''Konstituzioa bete'' beharraz aritu zela azpimarratu du.
Ildo horretan Konstituzioa ''argia'' dela ekarri di Caprilesek gogora, eta agintea Batzar Nazionaleko buruak agintea hartu behar duela adierazi du.
''Nire ustez, Cabellok agintea hartzea zorigaitza litzateke Venezuelarentzat; baina kontua ez da gustatzen zaidan ala ez'', gaineratu du.