Itxi

Hugo Chavezen heriotza

Venezuelako herritarrek kaleak hartu dituzte, Chavezi agur esateko

Erredakzioa

EITB

Hugo Chavezen hilotza Akademia Militarrera eraman eta bertan hil-kapera jarri dute. Milaka lagunek hilkutxarekin batera egin dute ibilbidea Caracaseko kaleetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Milaka herritarrek Caracaseko (Venezuela) kaleak hartu dituzte asteazken honetan, Hugo Chavez presidenteari agur esateko. Izan ere, Chavezen hilotza Akademia Militarrera eraman dute gaur, eta bertan hil-kapera jarri dute. Milaka lagunek hilkutxarekin batera egin dute ibilbide hori, Caracaseko kaleetan.

Hugo Chavez Venezuelako presidentea bart hil zen, duela 20 hilabete antzeman zioten minbiziak jota. "Gaur, martxoaren 5ean, 16:25ean, Hugo Chavez komandantea hil egin da", esan zuen Nicolas Madurok horren berri emateko.

Himnoa lagun, eta Venezuelako banderarekin estalita, ospitaletik irten da Chavezen hilkutxa, Akademia Militarrera bidean. Ibilbidea hasi aurretik, omenaldia egin diote militarrek, jarraitzaileek eta familiako kideek. Ekitaldi horren burua Elena de Chavez presidentearen ama izan da.

Chavezek berak Kubara joan aurretik, abenduaren 8an, abestutako "Patria, patria, patria querida, tuya es mi alma, tuyo es mi amor..." soinuarekin ekin dio bideari hilotzak.

Kalean, milaka herritar bildu dira hilkutxa zeraman autoaren inguruan. Ibilbidean zehar, Ohorezko Guardiak zaindu du lore horiz eta zuriz apaindutako Chavezen hilkutxa.

Guztira, 13 kilometro egin ditu segizioak, eta Evo Morales Boliviako presidenteak eta Nicolas Madurok berak ere segizio horretan hartu dute parte.

Estatuburuaren hilkutxak bost ordu baino gehiago behar izan ditu ibilbidea betetzeko. Venezuelako banderek eta gorriz jantzitako milaka jarraitzaileek Caracaseko kaleak bete dituzte.

Samina, Caracaseko kaleetan

Adin guztietako herritarrek esan diote agur Hugo Chavezi kaleetan, Venezuelako banderak, Chavezen argazkiak, margolanak eta kamisetak agerian zituztela.

Gobernuari ere babes mezuak helarazi dizkiote. ''Zuekin gaude'', esan diete askok oihuka, Gobernuko kideren bat edo agintariren bat ikusi dutenean.

Baina, sentimendu guztien gainetik, dolua eta samina izan dira nagusi Caracaseko kaleetan. ''Betiko maiteko zaitut,  aita'', irakur zitekeen karteletako batean. "Ene, nire Chavez... Nire Chavez", esaten zuen oihu artean, negarrez, 69 urteko emakume batek kalean. ''Bihotza eskuetan dudala nator hona. Uste dut ezin nezakeela aurrera egin, gaur hona agur esatera etorri gabe, azken ibilbide honetan'', esan du, negarrez, 45 urteko ingeniari batek, emaztea alboan zuela.

Hil-kapera eta hiletak

Hugo Chavezen hil-kapera Akademia Militarrean ireki dute, eta, ostegunera arte, hildakoa beilatuko dute bertan.

Ostiralean egingo dituzte Chavezen aldeko hiletak. Ekitaldi horietan ''hamar bat agintari'' izango dira, Elias Jaua kantzilerrak aurreratu duenez, baina ez du horien izenik eman.

Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea, Jose Mugica Uruguaiko presidentea eta Evo Morales Boliviako presidentea Caracasen dira jada, Hugo Chavezi azken agurra emateko. Dilma Rousseff (Brasil) eta Ollanta Humala (Peru) datozen orduotan iritsiko dira.

Txileko, Dominikar Errepublikako eta Panamako agintariek ere hiletetan izango direla baieztatu dute, eta Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak esan du ''litekeena'' dela berak ere Venezuelara bidaia egitea.

Bestalde, AEBek Venezuelara ordezkaritza bat bidaltzeko asmoa dutela iragarri du gaur Estatu Departamentuko iturri batek. ''Etxe Zuriaren erabakia da, baina ordezkaritza bat egongo dela aurreratu dezaket'', esan du.

Zazpi dolu-egun

Venezuelako Gobernuak zazpi dolu-egun deitu ditu Hugo Chavezen heriotza dela-eta, eta Argentinan, Brasilen, Ekuadorren, Bolivian, Uruguain, Dominikar Errepublikan, Txilen, Kuban eta Nikaraguan ere dolua da nagusi.

Herriko "faktore" guztien arteko elkarrizketa deitzea eskatu diote Gobernuari Venezuelako oposizioko ordezkariek, Chavezen heriotzaren ostean gizarte zatiketa gainditzeko.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (3)