Itxi

Krisi politikoa

Ipar Korearen erasoen aurrean 'indarrez erantzuteko' agindu du Hegoak

Erredakzioa

Halaber, Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiak iragarri duenez, arma nuklearrak garatzen eta armategi handitzen jarraituko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ipar Korearen "balizko eraso baten aurrean indarrez erantzuteko" agindu dio Armadari Park Geun-hye Hego Koreako presidenteak. Azken egunotan tentsioz eta mehatxuz beteriko uneak bizi dira bi Koreen artean.

"Gure herritarren eta herrialdearen aurka edozein probokazioa gertatzen bada, indarrez erantzun beharko dugu, ondorio politikoak kontuan hartu gabe", esan du Parkek Kim Kwan-jin Defentsa ministroarekin izandako bilera batean.

"Indar Armatuen helburua herrialdea babestea da", azaldu du presidenteak. Park Geun-hyek otsailean hartu zuen kargua, eta Hego eta Ipar Korearen arteko harremanetan azken urteetako unerik zailtsuenetarikoari egin beharko dio aurre.

Bestalde, Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiak iragarri duenez, arma nuklearrak garatzen eta armategi handitzen jarraituko du. Larunbat honetan "gerra egoeran" dagoela iragarri du Jong-unek.

Mehatxuak egunero

Hego Korea egunero ari da mehatxatzen, otsailean egindako froga nuklearraren ondorioz, joan den hilaren 7an Nazio Batuen Erakundeak herrialde honetarako zigor berriak iragarri ostean.

Halaber, AEBetako hainbat hegazkin eta urpekontzi Hego Korean daude defentsarako ariketak eta maniobrak ari dira egiten, eta horrek tentsioa handitu du bi Koreen artean. Izan ere, Ipar Koreak dioenez, "inbasio entsegua" da.

AEBek 28.500 soldadu dituzte hego Korean, eta Ipar Korearen balizko eraso baten aurrean Hego Korea defendatzeko prest azaldu dira.

Albisteak (3)

Bideoak (1)