Galera ekonomikoak
2.000 milioi dolarreko kalteak eragin ditu Oklahomako tornadoak
Erredakzioa
Ezbeharraren ondorioz hildako 24 lagunak identifikatu dituzte, eta 10 haur daude tartean. Gainera, desagertuta zeuden 6 pertsona ere aurkitu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astelehenean Oklahoma astindu zuen tornadoak 2.000 milioi inguruko kalteak eragin ditu, bertako Aseguru Sailak jakinarazi duenez. Hala ere, datu horiek behin-behinekoak dira, zonaldea begiz ikusita egindako ebaluazioaren emaitza baitira.
John Doak komisarioak eman du datu horien berri, eta kalteak iaz Joplin hirian (Missouri) izandakoen parekoak izan litezkeela uste du.
Mick Cornett Oklahoma Cityko alkatearen esanetan, tornadoak 1.500 eta 2.000 milioi dolar arteko kalteak eragin ditu, eta 36.000 lagunek pairatu dituzte haren eraginak.
AEBetako Meteorologia Zerbitzuaren arabera, Oklahomako tornadoa EF5 kategoriakoa izan da, hau da, larrienetan lehena.
Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Barack Obama presidentea igandean joango da Moore herrira, kalteak bertatik bertara ikusteko.
Hildako 24 lagunak identifikatu dituzte
Oklahomako tornadoan hildako 24 lagunak identifikatu dituzte, eta desagertuta zeuden 6 pertsona aurkitu dituzte.
Bertako gobernuak emandako datuen arabera, 24 dira hildakoak: 15 emakume eta 9 gizonezko. Halaber, 13.000 etxebizitza kaltetu direla nabarmendu dute.