Laguntza militarra
Siriako errebeldeek begi onez hartu dute AEBen erabakia
Erredakzioa
Errusiako Gobernuaren arabera, Obamaren Gobernuak arma kimikoei buruz aireratutako informazioa "ez da sinesgarria".
Siriako Armada Askeko (ELS) errebeldeek begi onez hartu dute AEBek laguntza militarra ematea erabaki izana. Hala ere, "nahiz eta berandu izan", laguntza horrek gerraren fase berri baten hasiera ekarriko duela gaineratu dute.
Fahd al Masri ELSko Aginte Bateratuko bozeramaileak esan duenez, erabaki horrekin, AEBek iraganean errebeldeekin izandako "akatsak" zuzendu ditu, eta "Siriako gatazkaren etapa berri bat" irekiko du.
"AEBek matxinoak armatzeko erabakia hartu du, kanpotik etorritako hainbat indar militarrek Siriako gatazkan parte hartzen hasi direlako", azaldu du bozeramaileak.
Horretaz gain, Siriako Armadak arma kimikoak erabilita, Al Asaden erregimenak AEBetako Gobernuak ezarritako "marra gorria" zapaldu du, eta horrek neurri hori hartzea ekarri du.
AEBek ez dute zehaztu zenbaterainokoa izango den laguntza hori, baina errebeldeek aire bidezko erasoei aurre egiteko armak eta ibilgailu blindatuen kontrakoak jasoko dituzte, Al Masriren ustez.
Salim Idris Siriako Armada Askearen Kontseilu Militar Gorenaren buruzagiak espero du bere armada "ahalik eta lasterren" armaz hornitzea, erregimenari eta Hezbollah talde paramilitarrari aurre egiteko.
Laguntza militarra
Washingtonek atzo jakinarazi zuenez, Al Asaden erregimenak oposizioaren kontra arma kimikoak erabili dituela baieztatu ostean, AEBek laguntza militarra emango die Siriako errebeldeei.
Obamaren Gobernuak lehen aldiz hartu ditu neurri horiek, baina oraindik ez du zehaztu zer-nolako laguntza izango den, ezta noiz jarriko duten martxan ere.
Errusiak ez du AEBen informazioa sinesten
Yuri Ushakov Errusiako Gobernuaren kanpoko politiken aholkulariaren arabera, "ez da sinesgarria", AEBek esan bezala, Bachar Al Asaden erregimenak arma kimikoak erabili izana.
Ushakoven ustez, gainera, AEBek oposizioari laguntza militarra emateak Siriari buruzko bake konferentzia bat egiteko ahalegin guztiak zapuztuko luke.