Itxi

Gatazka

Siriako milioi bat haurrek inguruko herrialdeetara ihes egin dute

Erredakzioa

Siriako bi milioi errefuxiatuen erdiak haurrak dira, eta Libanora, Jordaniara, Iranera eta Egiptora alde egin dute.

Haur siriarrak Damaskon. Argazkia: EiTB

Siriako milioi bat haur inguruko herrialdeetan errefuxiatu dira jatorrizko herrialdean bizi duten gatazka dela eta, Nazioa Batuen Erakundeko (NBE) elkarte humanitario nagusiek jakitera eman dutenez.

"Milioi bat haur errefuxiatu izatea mugarri lotsagarria da Siriako gatazkaren baitan", adierazi dute Acnurrek eta Unicefek.

"Ez da beste zenbaki soil bat. Etxea, eta kasu askotan familia, utzi eta gertakari beldurgarriak bizi behar izaten dituzte", azpimarratu du Anthony Lake Unicefen zuzendariak.

Laken esanetan, "nazioarteko komunitateak huts egin die haurrei, krisiak jotako herritarrei laguntzeko ahaleginean dihardugun bitartean".

Era berean, Antonio Guterres Acnurren ordezkariak salatu du belaunaldi baten ongizatea eta bizirautea daudela kolokan.

"Siriako gaztediak etxea, familia eta etorkizuna galdu dituzte. Segurtasun bila mugak igaro badituzte ere, traumatizatuta eta atsekabetuta daude, eta esperantzarako arrazoiak behar dituzte", gaineratu du.

Siriako bi milioi errefuxiatuen erdiak haurrak dira, eta Libanora, Jordaniara, Iranera eta Egiptora alde egin dute.

Albisteak (1)