Itxi

Siriako gatazka

Bi milioi errefuxiatu siriar baino gehiago daudela salatu du ACNURek

Erredakzioa

Gehienek Libanora, Jordaniara, Turkiara eta Irakera ihes egin dute, eta erdia baino gehiago adingabeak dira.

Siriako errefuxiatuak. Argazkia: EiTB

Siriako gatazka dela eta ihes egin behar izan duten herritarren kopurua bi milioitik gora iritsi da, ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak jakitera eman berri duenez.

Siriako errefuxiatuen % 97 inguruko herrialdeetara joan dira. Libanora joan da errefuxiatu gehien, 716.000; eta gainerakoak Jordaniara (515.000), Turkiara (460.000), Irakera (168.000) eta Egiptora (110.000) joan dira.

Gainera, Siriako 4,25 milioi herritarrek etxea utzi eta herrialdeko beste leku batzuetara joan behar izan omen dute.

Errefuxiatuen % 52 gutxi gora-behera adingabeak dira. Izan ere, ACNURek abuztuaren 23an emandako datuen arabera, errefuxiatutako haur kopurua milioitik gora iritsi zen.

NBEko erakundeak azaldu duenez, egunero 5.000 pertsona baino gehiagok ihes egiten dute Siriatik, eta hori "oso joera kezkagarria da"; izan ere, urtebetean 1,8 milioi pertsona baino gehiago dira.

Horren ondorioz, inguruko herrialdeetako "azpiegiturak, ekonomia eta gizartea bera" egoera jasanezinean geratzen dira. Hori dela eta, Libanoko, Jordaniako, Turkiako eta Irakeko buruzagiek bilera egingo dute Ginebran, bihar.

Albisteak (1)