Itxi

Espioitzaren eskandalua

Espainian, hilabeteko epean, 60 milioi dei zelatatu zituen NSAk

Erredakzioa

Espioitza izan dela konfirmatuko balitz, bi herrialdeen arteko "konfiantza giroa amaituko" litzatekeela esan du Espaniako Gobernuak AEBetako enbaxadorearekin bildu ostean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

AEBko Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA, ingelesez) 60 milioi telefono dei zelatatu zituen Espainian 2012ko abenduaren 10etik 2013ko urtarrilaren 8ra.

"Spain last 30 days" deitutako NSAren dokumentuak denbora tarte horretan jasotako deien nondik norakoen berri ematen du. Ez du deien edukia zehazten, baina bai telefono zenbakiak, kokapena eta deien iraupena.

Horrez gain, metadata operazioak baliatuta, erabiltzaileen informazio pertsonala batu zuen NSAk, Interneteko nabigatzailea, helbide elektronikoa edota Facebook eta Twitter sare sozialen bidez.

Espainia, "oso arduratuta"

Informazio hau jakin den egun berean, auzia aztertu dute Espainiako Gobernuko bigarren mailako politikari batek eta AEBek Madrilen duten enbaxadoreak bilera batean. Iñigo Mendez de Vigo Europar Batasunerako Estatu idazkaria eta James Costos enbaxadorea 40 minutuz egon dira bilduta eta batzarrean esandakoa ohar batean laburbildu du Exekutiboak.

Ohar horren arabera, "Espainiako legediak berak aitortzen duen gisara, segurtasunaren eta pribatutasunaren arteko oreka" mantentzeko eskatu dio Espainiak Obamaren gobernuari.

AEBak Espainiaren kezkaren jakitun egingo dituela esan du enbaxadoreak, eta bi herrialdeen artean dagoen "kolaborazio giroa" oinarri, AEBetako Gobernuak "gai honen inguruan dauden zalantza guztiak argituko" dituela azpimarratu du.

Poloniatik egindako adierazpenetan Jose Manuel Garcia-Margallok nabarmendu duenez, espioitza izan dela konfirmatuko balitz, bi herrialdeen arteko "konfiantza giroa amaituko" litzateke.

Obamak ez zuen Merkeli egindako entzuketen berri

Espainiako kasuak ez ezik, Alemaniari egindako entzuketen aferari ere egin behar diote aurre AEBk. Izan ere, The Bild egunkari alemaniarrak asteburuan jakinarazi duenez, Obamak 2010etik zekien Merkel zelatatzen ari zirela. NSAk, baina, ukatu egin du.

"Keith Alexander agentziako zuzendariak ez zion Obamari Merkel zelatatzeko ustezko operazio baten berri eman", agertu zuen atzo Vanee Vines NSAko bozeramaileak ohar labur batean. "Kontrakoa dioten informazioak ez dira egia", erantsi zuen Vinesek.

Erreakzio hori gorabehera, Alemaniak goi mailako ordezkaritza bidaliko du AEBra, espioitza kasu hauen inguruko informazioa biltzeko.

Albisteak (3)

Bideoak (1)