Itxi

Kiev

Ukrainako lehen ministroak indarra erabiltzeagatik barkamena eskatu du

Erredakzioa

Azarov, gainera, oposizioko taldeekin "elkarrizketatzeko prest" agertu da, baina "baldintza bat" jarri du: hainbat eraikin ofizialetan dagoen blokeoa amaitzea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ukrainako Gobernuak arazorik gabe gainditu du oposizioak bere aurka aurkeztutako zentsura mozioa. Europar Batasunarekin merkataritza akordioaren sinadura bertan behera utzi ondoren aurkeztu du oposizioak zentsura mozioa. Horren ildora, azken astean manifestazioak eta istiluak izan dira Kieven.

Kyiv Post egunkariak ezagutzera eman duenez, 186 diputatuk eman dute zentsura mozioaren aldeko botoa; 226 boto behar ziren mozioa aurrera atera ahal izateko. Hiruk aurka bozkatu dute, eta gainerakoak abstenitu egin dira. UNIAN agentziaren arabera, Viktor Janukovitx presidentearen alderdiko diputatu batek zentsura mozioaren aldeko botoa eman du.

Bozketa hasi baino lehen, Mikola Azarov lehen ministroak barkamena eskatu du segurtasun indarrek asteburuko manifestazioetan izandako jarrerarengatik, eta arduradunak zigortu egingo dituztela gaineratu du.

Elkarrizketarako prest

Azarov, gainera, oposizioko taldeekin "elkarrizketatzeko prest" agertu da , baina "baldintza bat" jarri du: hainbat eraikin ofizialetan dagoen blokeoa amaitzea. Besteak beste, Gobernuaren egoitza hartu dute manifestariek.

Prentsa oharrean, Azarovek onartu du bere kabineteak "akatsak" egin izana. "Kritikak jasotzeko prest gaude, baita manifestariekin eta oposizioko taldeekin elkarrizketatzeko ere", adierazi du.

"Argi dugu, ordea, baldintza garrantzitsu bat: ekintza guztiak Konstituzioa eta legea errespetatuz egin behar dira", ohartarazi du. "Manifestariek Gobernuaren eraikinak utzi behar dituzte, eta Administrazio Publikoan ez dute eraginik izan behar", gaineratu du.

Azken egunetako protestek oinarrizko zerbitzuetan, garraioetan edo osasunean eragina izatea "erabateko arduragabekeria" dela uste du lehen ministroak. "Administrazioa ahal duen guztia egiten ari da herrialdean lasaitasuna eta normaltasuna ezartzeko", amaitu du.

Bideoak (1)