Itxi

SIRIA

Sirian nazioarteak porrot egin duela salatu du Human Right erakundeak

Erredakzioa

Sirian torturek eta hilketek jarraitzen duten bitartean, Genevako konferentzian Bachar al Asaden erregimenaren parte-hartzea bermatu nahi izan dute munduko potentzia nagusiek, HRWk salatu duenez.

Siriako gatazka. Artxiboko irudia: EFE

Siriako herritarrak babesteko garaian "nazioarteak porrot" egin duela salatu du gaur Human Right Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak. Bestalde, "itxurazko" demokrazien arriskuaz ohartarazi du HRWk; izan ere, gehiengoen ustezko borondatea inposatzen dute gutxiengoak zapaltzeko.

HRWk urteko txostena aurkeztu du gaur, Berlinen. 90 herrialde baino gehiagotan, 2013an, izandako giza eskubideen urraketak 667 orrialdetan laburbiltzen ditu txostenak. Siria nazioartearen moteltasunaren adibide argiena dela dio HRWk.

Sirian torturek eta hilketa sistematikoek jarraitzen duten bitartean, Genevako konferentzian Bachar al Asaden erregimenaren parte-hartzeari lehentasuna eman diote munduko potentzia nagusiek, AEBek barne, Kenneth Roth HRWko zuzendariak salatu duenez.

Kenneth Roth HRWko zuzendaria. Argazkia: EFE

Gobernuz kanpoko erakundeak arma kimikoak deuseztatzeko akordioei ez die garrantzirik kendu, baina gatazkako biktima gehienak arma arruntek eragin dituztela gogorarazi du HRWk. Errusiak eta Txinak NBEaren ekintza blokeatu eta Al Asaden erregimena "sistematikoki" babestu dutela salatu du Rothek.

Bestalde, gehiengoak gutxiengoak zapaltzen ari direla ohartarazi du HRWk. Horren adibide nagusia Egipto dela azaldu du, baina Turkiako eta Errusiako kasuak ahaztu barik.

Albisteak (4)