Gerra zibila Sirian
Hiru eguneko su-etenak 200 zibil Homsetik ateratzeko aukera emango du
Erredakzioa
Errusiaren arabera, Siriako Gobernuak eta oposizioak hiru eguneko su-etena adostu dute laguntza humanitarioa hirira sartzen uzteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Homs hiritik zibilak ateratzen hasi dira gaur Bashar al Assaden erregimenak eta oposizioak su-etena adostu ostean. Hiri Zaharretik 200 bat pertsona ateratzea espero dute. Errusiaren arabera, Siriako Gobernuak eta oposizioak hiru eguneko su-etena adostu dute laguntza humanitarioa hirira sartzen uzteko.
Aurreneko autobusak 11 lagun atera ditu Homsetik, eta Gobernuaren soldaduak zeuden bilera postura eraman ditu, Siriako Ilargi Gorriko boluntarioen laguntzarekin. Hiri Zaharretik beste pertsona bat anbulantzian atera dute. Bertan 2.500 bat pertsona urtebete baino gehiago setiatuta egon direla uste dute ekintzaileek.
Homsen hiru eguneko su-etena iragarri du Errusiak. Al Assad presidentearen aurka altxatu zen aurreneko hiria izan zen duela ia hiru urte. Borroka odoltsua izan da Homsen, eta hiria txikituta geratu da.
"Emakume, haur, 55 urtez gorako gizon eta zauritu guztiak borroketako zonatik oztoporik gabe ateratzea espero dute", Errusiako Atzerri Ministerioak jakitera eman duenez.
Siriako Ilargi Gorriak (SARC) ebakuatuak artatzeko anbulantziak ditu, eta bat dagoeneko ospitalera eraman dute.