Itxi

Su-etena Sirian

600 zibil atera dituzte Homsetik eta giza laguntza banatu dute

Erredakzioa

Zibilak ateratzeko eta laguntza humanitarioa banatzeko operazioari ekin diote berriro, nahiz eta gune horretan tiroek eta leherketek jarraitzen duten.

Autobus talde bat, zibilak Siriatik ateratzen. Irudia: EFE

Homsen (Siria) laguntza humanitarioa banatzeko eta zibilak ateratzeko operazioari ekin diote berriro gaur, igandea, tiroek eta leherketek jarraitzen duten arren.

Sana Siriako agentzia ofizialaren arabera, NBEren ordezkaritzak eta Ilargi Erdi Gorriak 600 bat pertsona ateratzea lortu dute ostiralean operazioa hasi zenetik; haurrak, emakumezkoak eta adinekoak.

Talal al Barazi Homseko gobernadoreak esan duenez, agintariak prest daude "edonolako laguntza eta babesa" emateko, pertsonak ateratzeko eta laguntza banatzeko operazioan.

Gidai bat zauritua

Siriako Ilargi Erdi Gorri Arabiarrak informatu duenez, erakunde horrek eta NBEk antolatutako konboiak -laguntza humanitarioarekin- Homsetik irtetea lortu du, baina kamioi bateko gidari bat zauritu dute.

Gainera, giza-aldeko erakundeak baieztatu egin du zenbait misilek konboitik gertu jo dutela eta kamioiak bart tirokatu dituztela, Homsen sartu direnean.

"Nahiz eta taldea bonbardatu eta tirokatu duten, laguntza eramatea lortu dugu; 250 pakete janariarekin, zaurituak artatzeko 190 pakete eta gaixo kronikoentzat sendagaiak", azaldu du taldeak. Bashar al Assad presidenteak erreboltariei egotzi die erasoak, eta oposizioak Armadari.

"Etsipen handia"

Valerie Amos NBEren larrialdeko laguntza koordinatzen duen kidearentzat "etsipen handia" izan da, hiru eguneko su-etena indarrean egonda, konboiari eraso agin izana eta, ziurtatu duenez, ez dute "etsiko" laguntza humanitarioa Homsera eramateko ahaleginetan.

"Etsipen handia izan dut bi aldeetan adostutako hiru eguneko etenaldia apurtu delako eta laguntza zeramatzaten langileak helburu bihurtu direlako", esan du Amosek ohar baten bidez.

Albisteak (4)