Itxi

Bake negoziazioak

Siriako Gobernuak dio indarkeria etetea izan behar dela lehen pausoa

Erredakzioa

"Guztiaz hitz egiteko prest gaude, baina indarkeriarekin lotuta dauden kontu guztiak konpontzen ez diren bitartean ezin da beste gaietan aurrera egin'', esan du Atzerri ministrordeak.

Faisal Meqdad, Siria

Siriako trantsizio politikoaren inguruko edozein kontu jorratu baino lehen indarkeria eten egin behar dela uste du Siriako Gobernuak, Faisal Makdad Atzerri ministrordeak astearte honetan adierazi duenez. Siriako gatazka konpontzeko gaurko negoziazio saioaren ondoren egin ditu adierazpenak Gobernuko ordezkariak. "Guztiaz hitz egiteko prest gaude, baina indarkeriarekin lotuta dauden kontu guztiak konpontzen ez diren bitartean ezin da beste gaietan aurrera egin'', esan die bertan bildutako kazetariei.

Siriako gatazka konpontzeko elkarrizketa saioen agendaz ere aritu da Makdad, eta agenda hori ''Siriako bi aldeek'' zehaztu behar dutela defendatu du, ez kanpo agenteek. ''Behin bi aldeak ados jarrita izango da onargarria agenda hori'', gaineratu du.

Izan ere, Lajdar Brahimi nazioarteko bitartekariak lau puntuko agenda proposatu die bi aldeei astearte honetan. Besteak beste, aldi baterako gobernu organoa jarri du mahai gainean bitartekariak, baina Siriako erregimenak ez du proposamen hori eztabaidatu nahi izan, oposizioko ordezkari batek azaldu duenez.

Hala, aldi baterako gobernu organo horren sorrera negoziazioetan ''lehentasunezko gai'' gisa zehaztu nahi izatea egotzi die Makdadek gainerako aldeei, eta jarrera hori ''arduragabekeria'' dela esan du.

Zibilen ebakuazioa eten dute Homsen

Siriako Media Luna Rojak azaldu duenez, astearte honetan Homsen, hiriaren zentroan, ez dute zibilen ebakuazioarekin jarraitu, ezta laguntza humanitarioarekin ere.

Siriako autoritateekin eta NBErekin elkarlanean aritzen den organismoak konfiantza duela esan du bihar prozesua berriro hastearekin, gaur lanak zergatik eten dituzten jakitera eman gabe.

Albisteak (4)