Ukrainako krisia
Parlamentuak kargutik kendu du Yanukovich eta hauteskundeak deitu ditu
Erredakzioa
Yulia Timoschenko Ukrainako lehen ministro ohia Jarkov hiriko ospitale batean giltzapetuta zegoen, eta Ukrainako Parlamentuak hura askatzeko agindu ostean, libre utzi dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ukrainako Parlamentuak Viktor Yanukovich orain arteko presidentea kargutik kendu du eta hauteskundeak deitu ditu maiatzaren 25erako, Europako hauteskundeekin bat eginez.
Rada Ukrainako Parlamentuak aho batez onartu du Yanukovichen kargu gabetzea, 328 boto alde eta kontrakorik ez. Giza eskubideen urratzea eta bere eginbehar konstituzionalak albo batera uztea egotzi diote presidenteari. Oposizioaren esanetan, Yanukovichek uko egin zion Ukrainako krisiari amaiera emateko atzo adostu zuten akordioa sinatzeari.
Premiazko tramite bitartez onartu dute ebazpena eta ez da aurretiaz eztabaidarik izan. Ondoren, parlamentariak zutitu eta Ukrainako ereserkia abestu dute.
Halaber, Ukrainako Parlamentuaren ezohiko osoko bilkuran Alexandr Turchinoc izendatu dute Parlamentuko presidente berria, haren aurrekoak ordu batzuk lehenago, osasun arazoak tarteko, dimisioa eman ostean.
Yanukovichek estatu kolpea izan dela salatu du eta dimisioa emateko asmorik ez duela berretsi du. "Egungo Parlamentua legez kanpoko neurriak hartze ari da, eta herrialdea lotsarazten ari da", UBR-TV telebista kateari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez.
"Gure herrialdean gertatu dena, Estatu kolpe baten adibide da", azpimarratu du Yanukovichek eta gaurko gertaerak Alemaniako Alderdi Nazia boterera heldu zenekoarekin alderatu du.
Yulia Timoschenko lehen ministro ohia aske gelditu da
Yulia Timoschenko Ukrainako lehen ministro ohia aske gelditu da Jarkov hiriko ospitale batean giltzapetuta egon ondoren, BBC irrati-telebista katearen arabera.
Yanukovichek telebistan hitz egingo du gaur
Viktro Yanukovich Ukrainako presidenteak telebistan hitz egingo du gaur, estatuburuaren Anna Guerman aholkulariak jakinarazi duenez.
"Presidentea Jarkov hirian dago. Hegazkinez joan zen atzo. Gaur Ukraina ekialdeko diputatuekin bilera egingo du, eta ondoren, telebistan hitz egingo du".
Yanukovich eta barne ministroa non dauden ez zekitela zabaldu da, baina segurtasun iturriek jakinarazi dutenez presidenteak ez duela herrialdetik aldegin.
Manifestariek Kiev erdigunearen eta Estatuko Administrazioen kontrola hartu dute
Larunbat honetan, Kiev erdiguneko kaleen eta Estatuko Administrazioen egoitzek kontrola hartu dute manifestariek, presidentearen egoitza barne.
Viktor Yanukovich presidentearen egoitza Kievetik 20 kilometrora dago. Presidentearen egoitza ofizialean ez dago inolako segurtasun langilerik eta edonor ibili daiteke barruan, Interfax albiste agentziaren arabera.
Kiev hiriburuan bestalde, manifestariek Ukrainako Parlamentuko, Gobernuaren egoitzako eta presidentearen bulegoko sarrerak kontrolpean dituzte.