Tentsio handia Krimean
Ukraina: 'Errusiak soldaduak Krimeara bidaltzea gerra-deklarazioa da'
Erredakzioa
Bestalde, Obamak tropak Krimeatik ateratzea eskatu dio Putini eta, atera ezean, "ondorioak" izan ditzakeela ohartarazi dio. Ukrainak ere bai tropak mugiarazi ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroaren esanetan, Errusiak soldaduak Krimeara bidaltzea "gerra-deklarazioa" da eta Vladimir Putin presidenteari soldaduek atzera egitea agintzeko eskatu dio.
"Tropak herrialde honetatik ateratzea eta aldebiko akordioak errespetatzea eskatzen diogu", esan du Jatseniuk BBC telebista kate britainiarrak jasotako adierazpen ofizial batean.
"Putinek adiskideak eta elkarrekin dauden bi herrialderen arteko gerra hasi zuen presidentea izan nahi badu, bete betean asmatu du", gaineratu du lehen ministroak.
Izan ere, Ukrainak aire-espazioa itxi die zibilen hegaldiak egiten ez dituzten hegazkinei, Oleksander Turtxinov behin behineko presidenteak iragarri duenez.
Serguei Axionov Krimeako lehen ministroak iragarri du errepublika autónomo horretako Itsas Armada sortu duela, Interfax agentziaren arabera.
Duela hiru egun izendatu zuten Axionovek (Kieveko ez dute agintaritzat ezagutu) Armada horren agintea Denis Berezovski kontralmiranteak hartu du eta, Krimeako Gobernuak iragarri duenez, autonomiari zin egin dio, Ukrainako itsas indarren komandante buruzagitzari uko egin ostean.
Axionovek, gainera, Kieveko agintari berriek "emandako aginduak ez betetzeko" manatu die "Sebastopolen dauden Ukraniako Armadako militarrei".
NATOren bilera
Atlantikoko Kontseilua Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko (NATO) organorik garrantzitsuenak bilera egin du igandean, Bruselan, Ukrainan eta Krimean azken egun eta orduotan gertatutakoaren aurrean hartuko duen jarrera erabakitzeko.
Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak Ukrainaren lurraldetasuna errespetatzea eta tropak lurraldetik ateratzea eskatu dio Errusiari, zortzi orduko bilera baten ostean.
"Errusiaren ekimen militarra gaitzesten dugu", esan du Rasmussenek, eta Errusiak Krimean tropak sartzeak "nazioarteko arauak urratzen ditu", gaineratu duenez. Hori dela eta, tropak erretiratzeko exigitu dio.
Bilera NATOko Estatu-kidetako enbaxadoreek egin dute. Ondoren Ihor Dolhov enbaxadore ukraniarrarekin bildu dira, Kievek eskatuta.
Europako Segurtasun eta Kooperazio Elkartearen Kontseilu Iraunkorrak bilera berezia egingo du astelehen honetan, Vienan, Ukrainara bidaltzeko nazioarteko begiraleen misio bat sortzeaz eztabaidatzeko.
Obamak Putini
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak tropak Krimeatik ateratzeko eskatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari, eta Ukrainako beste lekuetan eskuhartzerik ez egitea esan dio.
Gainera, AEBtako presidenteak, atera ezean, Errusiak nazioartean duen irudiak "ondorioak" izan ditzakeela ohartarazi dio.
Telefonoz ordu eta erdiz hitz egiten izan eta gero, Etxe Zuriak ohar bat kaleratu du. Bertan, Krimean azken orduotan "Errusiak Ukrainako subiranotasuna eta lurraldearen osotasuna urratu" duela adierazi du.
Errusiako tropak lurralde ukrainarrean sartzeak "nazioarteko legea eta Ukrainarekin 1997an egindako akordioa urratu du eta Nazio Batuen Itunak ezartzen dituen betebeharren kontrakoa da", gainera, ez dator bat "Budapesteko 1994ko Memorandumarekin ezta Helsinkiko Aktarekin ere", oharrean diotenez.
Errusiak armak hartu ditu
Errusiako soldaduek Ukrainako Armadako hainbat arma hartu ditu, eta Krimean dauden soldadu ukrainarrei "Krimeako agintari legetimoarekin" bat egiteko eskatu diete, Interfax Ukrainako agentziak Defentsa Ministerioko iturriak aipatuta zabaldu duenez.
Errusiako Armadako gudariek atzemandako armak erabiltzearekin mehatxatu dute. Errifleak, pistolak eta kargatzaileak hartu dituzte, besteak beste. Krimean dagoen Ukrainako soldaduei eurekin bat egiteko proposatu diete, Defentsa Ministerioko iturri horren arabera, "baldintza onetan eta babes sozialarekin".
Ukrainak ere tropak mugiarazi ditu
Ukrainako Segurtasun Nazionaleko eta Defentsa Kontseiluak Armada mugiarazteko agindua eman du, Errusiak soldaduak sartu ostean, tentsioa areagotu denean.
Oleksandr Turtxinov behin behineko presidenteak alerta gorenean egiteko adindu die tropei, Errusiak Ukraina erasotu ostean, eta instalazio nuklearretan eta aireportuetan segurtasuna indartzeko ere agindu du.