Itxi

Ukraina

EB: 'Krimean tentsioa jaitsi ezean ondorioak izango ditu Errusiak'

Erredakzioa

Errusiak Krimean 16.000 soldadu dituela salatu du Ukrainako enbaxadoreak. Janukovitxek Krimean esku hartzeko eskatu zion, Errusiaren arabera.

Errusiak ultimatuma eman du militarrak desarmatzeko Krimean. EFE

Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek balizko "ondorioak" izan ditzakeela ohartarazi diote Errusiari euren bi aldeko harremanetan, besteak beste, bisak liberalizatzeko negoziaketetan, Moskuk Ukrainako krisian tentsioa jaisteko aurrerapausoak ematen ez baditu.

"Errusiaren aldetik tentsioa jaisten duten pausorik ez badago, EBk Europar Batasunaren eta Errusiaren arteko bi aldeko harremanetan ondorioak izateari buruz erabakiko du", azaldu du Catherine Ashton Europako diplomazialarien buruak.

Ultimatumari buruzko informazio nahasia

Aleksandr Vitko Itsaso Beltzean Errusiak duen flotako komandanteak ultimatum bat eman die Krimean dauden militar ukrainarrei, astearteko 05:00ak baino lehen errenditu daitezen, 'Kiev Post' egunkariak jakitera eman duenez. Hala egin ezean, Ukrainako indar guztien aurkako erasoa aginduko duela azaldu du Vitkok.

"Goizeko 05:00etarako errenditu ez badira, Krimea osoan Ukrainako indar militarrei benetako erasoa egingo zaie", adierazi du Vitkok, indar militarrei bidalitako oharrean, Interfax berri agentziak jakitera eman duenez.

Halere, ordu batzuk geroago, Itsaso Beltzeko Errusiako Flotak ukatu egin du Krimean Ukrainako militarren aurkako erasoa egiteko planik duenik, eta "tontakeriatzat" jo ditu informazio horiek.

Segurtasun Kontseiluaren bilera

Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiak herrialdeko egoera egonkortzeko esku-hartzea eskatu zion Errusiari; izan ere, "gerra zibilaren atarian dago", Vitali Txurkin Errusiako enbaxadorearen hitzetan.

Janukovitxek Vladimir Putin Kremlineko buruzagiari Armada erabiltzeko eskatu zion, "bakea, legea, ordena eta egonkortasuna" berrezartzeko, azaldu du Txurkinek NBEko Segurtasun Kontseiluan egindako adierazpenetan.

Bestalde, otsailaren 24az geroztik Errusiak Krimean 16.000 soldadu dituela salatu du Ukrainako enbaxadoreak.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak astelehen honetan Ukrainako "independentzia, segurtasuna eta lurralde osotasuna" babestea eskatu du.

Albisteak (5)