Gatazka Krimean (Ukraina)
Errusiarekin duen lankidetza bertan behera utzi du NATOk
Erredakzioa
Aliatuak "Gerra Hotzeko estereotipoak" aplikatzen ari direla salatu du Errusiako enbaxadoreak. Bestalde, Ukrainarekin duten lankidetza "sendotzea" eta "areagotzea" adostu dute aliatuek.
Errusia Ukrainan aplikatzen ari den estrategia militarraren aurrean "berehala pausoak" ematea adostu dute NATO Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundeko herrialdeek. Horrela, NATOren eta Errusiaren arteko lankidetza bertan behera utzi dute. Era berean, Cape Ray AEBko ontziari eskolta emateko misio bateratua bertan behera geratu da.
"NATOk berehala zenbait pauso ematea erabaki du. Cape Ray AEBko ontziari eskolta emateko NATO-Errusia misio bateratua bertan behera utzi dugu. Siriako arma kimikoak deuseztatzeko misioa da", azaldu du Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak. Rasmussenek agerraldia egin du enbaxadore aliatuek Ukrainako krisia aztertzeko egin duten ezohiko bilera amaitu eta gero.
Erabakiak "arma kimikoak deuseztatzeko lanari kalterik ez" diola egingo nabarmendu du Rasmussenek, "baina Errusiak ez du AEBko ontziaren eskoltan parte hartuko".
Harremanik gabe
Era berean, harreman zibilak zein militarrak "oraingoz" bertan behera uztea adostu dute herrialde aliatuek. Aldebiko lankidetza esparruak "berriz aztertuko" dituztela erantsi du Rasmussenek, NATOko Atzerri ministroek "apirilaren hasieran" erabakiak har ditzaten.
Aleksandr Gruxko Errusiako enbaxadoreak salatu duenez, aliatuak "Errusiaren aurka Gerra Hotzeko estereotipoak aplikatzen ari dira". "NATOk oraindik bi neurriko politika erabiltzen duela agerian utzi du bilera honek", nabarmendu du Gruxkok.
Errusiari erantzuteko neurriez gain, Ukrainarekin duten lankidetza "sendotzea" eta "areagotzea" adostu dute aliatuek, erreforma demokratikoei babesa emateko eta arlo militarrean laguntzeko.
Elkarrizketa
John Kerry AEBko estatu-idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Parisen bildu dira gaur. Krisiari konponbide bat bilatzeko Moskuren eta Kieven arteko "elkarrizketa zuzenak" eskatu dizkio Kerryk Lavrovi bilera laburrean.
Bestalde, Donetsko (Ukrainako ekialdea) Gobernuaren egoitza berriro hartu duten manifestariek Errusiako bandera berriz jarri dute eraikinaren teilatuan, agintariek kendu eta ordu batzuetara.
Gainera, Robert Serry NBEko ordezkariak talde armatu baten mehatxuak jaso ditu gaur, Krimean, baina ez dute atxiki, Jan Eliasson NBEko idazkariorde nagusiak azaldu duenez.
Europar Batasuneko gobernuburu eta estatuburuek ezohiko bilera egingo dute ostegun honetan Ukrainako egoera aztertzeko. Kieveko Gobernu berriari 11.000 milioi euroko laguntza ematea aztertuko dute agintariek, beti ere Ukrainak erreformak egiten baldin baditu.