Agerraldia Errusian
Janukovitxek 'gerra zibila' bilatzea leporatu dio Ukrainako Gobernuari
Erredakzioa
Presidente kargugabetuak berretsi du Gobernuak ez duela zilegitasunik, eta bera dela oraindik presidente eta Armadaren buru.
Viktor Janukovitx Ukrainako presidente kargugabetuak berretsi du bera dela oraindik presidente eta Armadaren buru. Horregatik, ziur esan du soldaduek eta ofizialek ez dietela jaramonik egingo "zilegitasunik ez duen Gobernu berriari".
Janukovitxek Rostov Donen emandako prentsaurreko batean salatu duenez, Ukraina "ultranazionalista eta neofaxista batzuen esku" dago, eta "gerra zibila hastea" da horien helburua. "Ofizialek eta soldaduek ez dituzte estatu kolpez inposatutako Gobernuaren agindu kriminalak beteko", berretsi du. Agintari berriak "gaizkileak" direla eta "alderdi nazionalistetako gerrillariei armak emateko" Armadan sartu nahi dituztela salatu du.
Otsailaren 22an kargugabetu zutenetik Errusian dago errefuxiatuta Janukovitx, eta gaurkoa ordutik egin duen bigarren agerraldia da.
Agerraldi horretan presidente berria hautatzeko hauteskundeei egin die erreferentzia, zilegitasuna kentzeko: "Erabat ilegitimoak eta legez kanpokoak dira Konstituzioaren kontrako estatu kolpe baten ondorioz boterea lapurtu duen gaizkile taldeak maiatzaren 25erako deitu dituen presidenterako hauteskundeak".
Kritikak mendebaldeari
Janukovitxek oso gogor jo du Ukrainako agintari berriei babesa agertu dieten mendebaldeko politikarien kontra ere: "Itsu al zaudete? Faxismoa zer den ahaztu duzue?".
Agintari ukrainarrak AEBko Gobernua ere kritikatu du Kieveko agintariei diru-laguntza emango dielako: "Zuen legediaren arabera, ez duzue gaizkileei dirua emateko eskubiderik".
Bere buruaren etorkizunari dagokionez, berriz, baikor agertu da Ukrainako presidente ohia: "Egoerak ahalbidetzen duenean, eta ziur nago ez dudala asko itxaron beharko, Kievera itzuliko naiz".
Krimea
Bestalde, Ukrainako eskualdeek, Krimeak tarteko, ez diotela Kievek "pistola eskuan" agindutakoari jaramonik egingo azpimarratu du, eta Krimea Errusian sartzen bada agintari berrien "ekintzen" ondorio izango dela esan du.