Itxi

Erreferendumaren ostean

Krimea Estatu subirano gisa onartzen duen agiria sinatu du Putinek

Erredakzioa

Dekretua berehala sartuko da indarrean. Krimeako Sebastopol hiriari "estatus autonomo berezia" ematen dio dekretuak; izan ere, Errusiak Itsaso Beltzeko Flota bertan du.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Artxiboko irudia: EFE

Krimea Estatu burujabe gisa onartzen duen agiria sinatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Ondorioz, Kieveko aginduak alde batera utzita erabakiak hartzeko gaitasuna izango du, RIA Novosti Errusiako albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Putinek sinatutako dekretua berehala sartuko da indarrean. Krimeako Sebastopol hiriari "estatus autonomo berezia" ematen dio dekretuak; izan ere, Errusiak Itsaso Beltzeko Flota bertan du.

Putinek asteartean hitza hartuko du Parlamentuko bi ganberen saio bateratuan. Krimeako erreferendumean, igandean, boto-emaileen % 96k anexioaren aldeko botoa eman zuten, eta orain Errusiako agintariek erabaki behar dute.

"Krimeako herriaren borondatea" errespetatzeko Dumako talde parlamentario guztiek ebazpena aurkeztu dute eta Errusiako Parlamentua dagoeneko proiektua aztertzen ari da. Kievek, Europar Batasunak eta AEBk galdeketa "legez kanpokoa" dela adierazi dute.

Horren harian, Europar Batasuneko (EB) Kanpo Arazoetako ministroek Errusiako eta Ukrainako 21 buruzagiren aurkako zigorrak ezartzea adostu dute, Krimeako ezegonkortasunaren arduradunak izatea leporatuta.

Albisteak (4)