Krisia Ukrainan
Ukrainak amaitutzat eman du erresistentzia Krimean
Erredakzioa
Bestalde, Errusiak AEBei Krimean izandako erreferendumaren emaitzak (Errusiako Federazioaren alde egin zuen) onartzeko eskaera egin die.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errusiako tropek "Kosntantin Olshanski" lehorreratze-ontziari eraso egin diote Krimean. Itsaso Beltzeko Errusiako Flotari oraindik errenditu ez zaion Ukrainako azken ontzietako bat da hori.
"Guregana etorri dira", nabarmendu du ontziko kapitain Dmitri Kovalenkok, "Ukraínskaya Pravda" egunkari digitalak jakitera eman duenez. Dirudienez, 21 marinelek osatzen zuten tripulazioarentzat 200 erasotzaile inguru izan dira.
Irudietan, Errusiako flotak "Konstantin Olshanski" nola erasotzen duen ikus daiteke. Ke asko du inguruan ontziak.
Iturriaren arabera, tirok eta granadak entzun dira Donuzlav lakuan dagoen ontzian. Bertatik ezin izan du irten itsasora, errusiarrek bi ontzi hondoratu ostean.
Tropa guztiek atzera-egitea
Alexandr Turchinov Ukrainako bitarteko lehen ministroak Krimean dauden Ukrainako Indar Armatu guztiek atzera-egitea agindu du astelehen honetan.
"Seguritate eta Defentsa Batzorde Nazionalak Krimeako Errepublika Autonomoan dauden unitate militarrek atzera-egitea agindu dio Defentsa Ministerioari", jakinarazi die Turchinovek Ukrainako Rada (Parlamentua) Goreneko alderdi parlamentarioei.
Ukrainako kupulak "presiopean euren etxebizitzak utzi behar izan dituzten militarren familiei ostatua bermatzea" agindu du, azaldu du Ukrainako presidenteak.
Asteburuan Krimean dauden Ukrainako ia flota guztiak Belbek aireportuan eta Kievi leialtasuna zioten hainbat unitate militarretan galdu ostean hartu dute erabakia.
Gutxienez Ukrainako bost ofizial, horien artean, Belbekeko aire-baseko komandantea, Yuli Manchur koronela eta Igor Voronchenko Itsasertzeko Defentsarako Ukrainako Armadaren komandatea, atxilotu dituzte azken 24 orduetan, Krimean.
Errusiak AEBei erreferendumeko emaitzak onartzea eskatu die
Sergeui Lavrov Errusiako kanpo arazoetako ministroak John Kerry AEBetako Estatu idazkariari deitu dio, Krimean izandako erreferendumaren emaitzak (Errusiako Federazioaren alde egin zuen) onartzeko.
"Krimean izandako erreferendumaren emaitzak guztiz errespetatzeko beharra nabarmentzen dugu", azaldu du Lavrovek prentsaurrekoan, Kerryrekin bildu ostean, Hagan.
Krimean dauden militarren erdia Errusiako bandora pasatu da
Oleksander Rozmaznin jeneralak, Ukrainako Armadaren Estatu nagusiko "bi zenbakiak", esan duenez, Krimean dauden Ukrainako militarren erdiak Ukrainako Armadari uko egin diete, eta Errusiako indarrekin bat egin dute.
G7k goi-bilera Bruselan egingo du, ekainean, Errusian izan beharrean
G7ko estatuburuek eta gobernuburuek goi-bilera bat egingo dute Bruselan, datorren ekainean, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak esan duenez.