Immigrazioa
4.000 etorkin izan dira Italian, azken 48 orduotan
Erredakzioa
Italiako Itsas Armadak Siziliara heldu nahi zuten 1.574 etorkin, emakumeak eta haurrak tartean, erreskatatu zituen bart.
Italiako Itsas Armadak Siziliara heldu nahi zuten 1.574 etorkin, emakumeak eta haurrak tartean, erreskatatu zituen bart.
"Etorkinen artean hildako bat egon daiteke", esan zuen Angelino Alfano Italiako Barne ministroak.
Alfanok azken 48 orduetan Siziliara horrenbeste etorkin heldu izanak ezinegona eragin duela adierazi zuen, 4.000 baino gehiago erreskatatu baitituzte.
San Jorge itsasontziak Mediterraneoan nabigatzen ari ziren lau txalupa atzeman zituen. 1.000 pertsona zeuden bertan, tartean emakumeak eta haurrak, inolako igeri-jakarik gabe.
Gauerdian, Sirio itsaontziak 113 etorkin erreskatatu zituen, eta Espero itsasontziak 261 etorkin jaso ditu gaur, lehen orduan.
Halaber, Calabriatik gertu, arriskuan zegoen txalupa bat aurkitu dute, eta bertan zihoazen 200 etorkinak erreskatatu dituzte.
Italiako Itsas Armadak Siziliara heldu nahi zuten 4.000 etorkin erreskatatu ditu azken 48 orduotan, Afrika iparraldearen eta Sizilia uhartearen artean. 15.000 etorkin iritsi dira Italiara, urtean, orain arte.
Erreskatatutako pertsonen artean hildako bat dago, agintariek jakitera eman duenez.