Gatazka Ukrainan
Putinek indarra ez erabiltzeko deia egin dio Obamari
Erredakzioa
AEBko presidenteak, berriz, tropak Ukrainako mugatik erretiratzeko eskatu dio Errusiako agintariari.
Barack Obama eta Vladimir Putin AEBko eta Errusiako presidenteek telefonoz hitz egin dute berriz bart, Ukrainako gatazka baratzen saiatzeko.
Etxe Zuriak azaldu duenez, Obamak kezka agertu dio Putini, Ukrainako "talde independentista erruziazale armatuei ematen dien babesa dela eta".
AEBren ustez, talde armatu horien helburua "Ukrainako Gobernua urratzea eta ezegonkortzea" da, eta, horregatik, okupatutako eraikin ofizialak hustea eskatzeko deia egin dio agintariak Putini.
Halaber, Errusiak Ukrainako mugan dituen tropak erretiratzea ere eskatu du presidente estatubatuarrak, "tentsioa lasaitzeko".
"Errusia gero eta bakartuago dago politikoki eta ekonomikoki, Ukrainan abiatutako politiken ondorioz, eta jardun horretan jarraitzen badu, ordainak handiagoak izango direla ohartarazi du [Obama] presidenteak", Etxe Zuriak nabarmendu duenez.
AEBk uste dute konponbide diplomatikoa posible dela, baina hori ez dela "mehatxu militarren testuinguruan" etorriko.
Bestalde, Vladimir Putinek "indarra ez erabiltzeko" eta "odola ez isurtzeko" deia egin dio Obamari, eta ukatu egin du Errusiak matxinoen azken mugimenduak sustatu izana.
"Ukrainako ekialdean jazotzen ari diren protestak Kieveko Erregimenak errusiazaleen eta errusieraz hitz egiten dutenen interesak kontuan hartzeko gaitasun eta borondate faltaren ondorio dira", esan du Putinek, RT telebista kate errusiarrak zehaztu duenez.
"Putinek indarraren erabilera galaraztea eskatu dio Obamari", esan du Kremlinek, Ukrainako Gobernuak matxino errusiazaleen aurka egitea onartu eta gero.
Telefonoz egindako elkarrizketa horretan, gainera, Errusiako presidenteak ukatu egin du Ukrainako gatazkan esku hartzen ari dela.