Itxi

Gatazka

Ukrainak 'terrorismoaren kontrako operazioari' ekin dio Donetsken

Erredakzioa

"Ekintzon helburua, berriro esango dut, Ukrainako herritarrak defendatzea da, terroreari aurre egin eta herrialdea desegiteko saiakerak galarazi", esan du Turtxinov behin behineko presidenteak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Oleksander Turtxinov Ukrainako behin behineko presidenteak "Donetsken terrorismoaren kontrako operazioa" abiarazi dutela iragarri du. Donetsk eskualdea herrialdearen hegoaldean dago, eta Errusiaren aldeko zenbait taldek Gobernuko eraikinak eta Polizia-etxeak hartu dituzte bertan.

"Gaur goizaldean, Donetsk eskualdeko iparraldean, terrorismoaren kontrako operazioa hasi da", esan du Turtxinovek Ukrainako Parlamentuko saioa hasi denean.

Behin behineko presidentearen arabera, operazioa "aldika, ondo aztertuta eta erantzukizunez" egingo dute.

"Ekintzon helburua, berriro esango dut, Ukrainako herritarrak defendatzea da, terroreari aurre egin eta herrialdea desegiteko saiakerak galarazi", gaineratu du. Turtxinovek ez ditu diputatuei operazioaren zehaztasunik eman.

Gobernuak atzo goizera arteko epea eman zien Errusiaren aldeko ekintzaileei Gobernuaren eraikinak husteko, eta promestu esan ez zituztela atxilotuko ez deliturik leporatuko.

Ultimatuma ukatu zuten Errusiaren aldekoek, eta Kieveko agintarien zilegitasuna ezezten jarraitzen dute.

Aurreko igandean, herritarrei zabaldutako mezu batean, Turtxinovek iragarri zuen Ukrainako Segurtasun Nazionaleko eta Defentsako Kontseiluak"terrorismoaren kontrako operazioa" hasiko zuela "indar armatuak erabilita", herrialdeko ekialdean ordena berrezartzeko.

"Berehala desarmatu eta desegin"

Krimeako agintariek legetik kanpo jarduten diren talde paramilitarrak "berehala desarmatu eta desegin" behar dituzte, NBEren giza eskubideen begirale talde batek esan duenez.

"Krimeako talde paramilitarren ekintzek kezka handia sortzen dute (...) Ez erregulatuta dauden indarrek segurtasun operazioak gehiegikeriaz egiteak giza eskubideen kontra egiten du", adierazi du talde horrek txosten batean.

Gainera, NBEk bidalitako begiraleen beste ondorioetako bat da Krimeako Gobernuak hiritarrak defendatu behar dituela, legetik kanpo jarduten diren talde horien aurrean, eta baieztatu behar du Poliziak legea betearazten duela.

Obama, "kexu"

Barack Obama eta Vladimir Putin AEBko eta Errusiako presidenteek telefonoz hitz egin dute berriz bart, Ukrainako gatazka baratzen saiatzeko.

Etxe Zuriak azaldu duenez, Obamak kezka agertu dio Putini, Ukrainako "talde independentista erruziazale armatuei ematen dien babesa dela eta".

AEBren ustez, talde armatu horien helburua "Ukrainako Gobernua urratzea eta ezegonkortzea" da, eta, horregatik, okupatutako eraikin ofizialak hustea eskatzeko deia egin dio agintariak Putini.

Albisteak (4)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)