Itxi

Krisia Ukrainan

Errusiazaleek aske utzi dituzte bahituta zeuzkaten begiraleak

Erredakzioa

Apirilaren 25az geroztik eduki dituzte gatibu. Aurreko igandean, begiraleetako bat askatu zuten.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ukrainan bahituta zeuden nazioarteko begiraleak aske utzi dituzte, Vladimir Lukin Errusiako Gobernuaren ordezkari bereziak jakinarazi duenez.

Slaviansk hiriko milizia errusiazaleek aske utzi dituzte hainbat egunetan bahituta eduki dituzten Europako 6 begiraleak eta interpretea. Hala adierazi du Vladimir Lukin Errusiako Gobernuaren ordezkari bereziak Slaviansk hiriko udaletxearen atarian egin duen agerraldian.

"Nire zerrendan zeuden pertsonak aske gelditu dira"; adierazi du Lukinek. Begiraleekin batera, aske utzi dituzte bahiketaren unean haiekin ziren 5 militar ukrainarrak.

Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Antolakundeak baieztatu egin du Apirilaren 25az geroztik gatibu zeuden begiraleen askapena. "Begiraleak aske utzi dituzte, baina ez dugu adierazpenik egingo toki seguru batera heltzen diren arte", adierazi dio Natacha Rajakovic Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen bozeramaileak EFE albiste agentziari.

Bestalde, bere burua Slaviansk hiriko alkate izendatu duen errusiazaleak bahitzaileen askapena berretsi du. "Zin egin nizuen bezala, atzo nire urtebetetze eguna ospatu nuen, eta aske utzi genituen. Esan nuen moduan, nire gonbidatuak izan dira", adierazi dio Viacheslav Ponomaryovek Reuters albiste agentziari.

Errusiako presidenteak Vladimir Lukin bidali zuen Ukrainara begiraleen askapena lortzeko. Dena den, Putinek OSCEko ordezkarien jokabidea kritikatu zituen, euren etorrera Donetsk eskualdeko errusiazaleekin ez koordinatzeagatik.

Lamberto Zanier Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Antolakundeko idazkari nagusia aste honetan joan da Kievera, begiraleen askapena azkartzeko. Errusiazaleek Thomas Johansson aske utzi zuten, osasun arrazoiak tarteko, eta Suedia NATOko kide ez delako.

Albisteak (4)

Bideoak (1)