Ukrainako krisia
Aholkularitza lana egingo dute FBIk eta CIAk Ukrainako Gobernuarentzat
Erredakzioa
“Gaizkile antolatuen” aurka egitea eta indarkeriari azkena ematea izango dira misio horren xede nagusiak, baina finantza delituak ere ikertuko dituzte.
Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko (CIA) eta Ikerketa Bulego Federaleko (FBI) dozenaka agente eta Ukraniako Gobernu berria elkarlanean arituko dira. Izan ere, FBI eta CIAko kideek aholkularitza lanak egingo dituzte, Ukraina hegoaldean eta ekialdean altxatu diren soldaduen aurka Gobernuari laguntza emateko, Bild egunkari alemaniarrak argitaratutakoaren arabera.
“Gaizkile antolatuen” aurka egitea eta indarkeriari azkena ematea izango dira misio horren xede nagusiak, baina finantza delituak ere ikertu egingo dituzte. Janukovitx presidente izan zen bitartean Ukrainatik atera ziren kapitalen arrastoa jarraitu nahi du Poliziak, egunkari horrek Alemaniako segurtasun indarren iturriak aipatuz argitaratu duenez.
FBI eta CIAko kideek AEBko Gobernuaren izenean lagunduko diote Kievi, “matxinadari amaiera jartzeko eta segurtasun azpiegitura eraginkorra ezartzeko”, Bild egunkariaren hitzetan.