Igande honetan
Europako Segurtasun Erakundeak galdeketa bertan behera uztea eskatu du
Erredakzioa
"Bozketa askatasunez egingo dela pentsatzea zentzugabea da", adierazi du Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeak (OSCE).
Igande honetan Ukrainako Donetsk eta Luhansk eskualdeetan egingo diren galdeketa "zentzugabeak" bertan behera uztea eskatu du Ranko Krivokapic Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen presidenteak.
"Bozketa askatasunez egin ahal izango dela pentsatzea zentzugabea da", adierazi du Krivokapicek. Eta, "beldurra, indarkeria eta anarkia nagusi diren giroan" egingo direla gaineratu du.
Horrela, Donetsk eta Luhansk eskualdeetako behin-behineko agintariei erreferendumerako deialdia bertan behera uztea eskatu die. "Maiatzaren 25eko hauteskundeetarako entzun ditzaten egin behar dute Ukrainan esfortzua, herrialdeak presidente berria aukeratuko duen hauteskundeetarako", esan du.
Larunbat honetan, txosten berri bat aurkeztu dute begiraleek, eta herrialdeko giroa orokorrean lasaia den arren, Donetsk eskualdeko Mariupol herrian indarkeria piztu zen berriz ere, maiatzaren 9an.