Krisia Ukrainan
Ukrainako 8 soldadu hil dira gaueko liskarretan, errusiazaleen arabera
Erredakzioa
Bestalde, Ukrainako Parlamentua arratsaldean bilduko da, tentsioaren gorakada nola gelditu aztertzeko.
Ukrainako zortzi soldadu hil egin dira bart Sloviansk eta Kramatorsk hirien inguruan izandako liskarretan, Donetskeko errepublika berrian, Viatxeslav Ponomoriov bertako milizia errusiazaleen liderraren arabera.
"Arerioak eraso egiteko saiakera egin du goizaldeko ordu batean. Erasoa atzera bota dugu eta zenbait ibilgailu blindatu suntsitu ditugu. Tamalez, gure artean ere bajak izan dira", adierazi dio Ponomoriovek Interfax albiste agentzia errusiarrari.
Horrez gain, Adreevka inguruan, Sloviansketik gertu, ukrainarrek morteroak erabili dituztela adierazi du.
Bilera Parlamentuan
Bestalde, asteazken arratsaldean bilera egingo dute Ukrainako Parlamentuan, herrialdeak bizi duen tentsioa gelditzen saiatzeko, Parlamentuko prentsa zerbitzuak aditzera emandakoaren arabera.
Arseni Jatseniuk jarduneko lehen ministroak, Leonid Kravtxuk eta Leonid Kutxma presidente ohiek eta maiatzaren 25eko presidentetzarako hauteskundeetako hautagaiek zuzenduko dute bilera.
Polemika, Bidenen semearen izendapena dela eta
Joe Biden AEBko presidenteordearen semea Burisma Holdings Ukrainako gas-ekoizle pribatu handienaren zuzendaritzan sartzeak interes-gatazka sortu izana ukatu du Etxe Zuriak.
"Hunter Biden eta Biden familiako beste kideak herritar pribatuak dira. Edozein lekutan lan eginda ere, horrek ez du esan nahi Administrazioaren, presidenteordearen edota presidentearen babesa dutenik", esan du Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak.
Bestalde, Kendra Barkoff Joe Bidenen bozeramaileak azpimarratu du presidenteordeak ez diola "konpainia bati bereziki babesa ematen" eta aipatutako enpresarekin "inolako harremanik ez" duela gaineratu du.