Itxi

Krisia Ukrainan

Ukraina entzungor, Donetskeko matxinoen ultimatumaren aurrean

Erredakzioa

Errusiazaleek Ukrainako bi unitate militar blokeatu dituzte Donetsken eta Luhansken. Bi lurraldeek independentziaren alde egin zuten igandeko referendumean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donetskeko matxino errusiazaleek lurraldetik alde egiteko ultimatuma eman diete Ukrainako tropei. Gauzak horrela, gaurko 20:00ak baino lehen (18:00 GMT) alde egin beharko dute, Miroslav Rudenko Donetskeko errepublika sortu berriko presidenteak iragarritakoaren arabera.

"Gure militarrek ultimatuma eman zioten atzo Ukrainari, bere tropak 24 orduko epean gure lurraldetik ateratzeko. Bestela, indarrez erretiratzera behartuko ditugu", esan du Rudenkok.

Errusiazaleek Ukrainako bi unitate militar blokeatuta dituzte asteazkenetik Donetsken eta Luhansken. Bi lurraldeek independentziaren alde egin zuten igandeko referendumean.

Kievek entzungor egin du

Ukrainako agintariek entzungor egin dute ostegun honetan matxinoen ultimatumaren aurrean, eta Donetskeko eskualdeko errusizaleen bastioien aurkako erasoarekin jarraitu dute.

Alexander Turchinov Ukrainako presidenteak azaldu duenez, Kievek Donetsken duen "terrorismoaren aurkako operazioa" matxinoek armak utzi eta bahituak aske uzten badituzte soilik.

Koronel bat bahitu dute

Bestalde, Ukrainako Guardia Nazionalak Juri Lebed koronelaren bahitu dutela baieztatu du. Ekialdeko tropen komandantea da Lebed, eta Donetsk, Luhansk, Kharkiv eta Sumy lurraldeetan dauden zortzi unitate militarretako burua.

"Koronela lanetik etxera bueltan bakarrik (ez du bizkartzainik) zihoala, etxetik gertu, gizon talde batek geldiarazi egin zuen, auto batean sartu eta eraman egin zuten", azaldu du Ukrainako Armadako bozeramaile batek.

Agintari errusiazaleek iragarri dutenez, Ukrainako tropen presentzia "legez kanpokoa" da, eta "okupazio-indarrak" bailitzan hartuko dituzte.

Putin: 'Gasa jaso aurretik ordaindu beharko du Ukrainak'

Ekainaren 1etik aurrera, Ukrainak aldez aurretik ordaindutako gasa bakarrik jasoko duela adierazi du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Halaber, Europar Batasunari elkarrizketaren alde gehiago egiteko eskatu dio, lurraldean bizi duten krisia lehenbailehen konpontzeko.

Putinen arabera, Gazprom gas enpresak ez du "Ukrainari emandako gasaren ordainketarik jaso eta zorra 2.237 milioi dolarretik 3.508ra igo da". Eta hori guztia Ukrainako gobernuak "Nazioarteko Diru Funtsaren maileguaren lehen zatia jaso duen arren (3.200 milioi dolar)".

Gauzak horrela, Gazpromek ez du beste irtenbiderik aurretik ordaindutako gas horniketa sistema martxan baino. "Sistema hori kontratuarekin bat dator, eta, ekainaren 1etik aurrera, gas horniketa Naftogaz Ukrainako enpresak gasa aurretik ordaindu duen ala ez kontuan hartuta egingo da", azaldu du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)