Ukrainako krisia
Ukrainan 'gerra zibila' bizi dela esan du Putinek
Erredakzioa
Krimearen anexioa babestu du eta Ukranian 'AEB bazkideak bultzatutako Estatuko gerra zibilari kaosak jarraitu diola' esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukranian 'gerra zibila' bizi dutela esan du eta Errusiak Krimeako anexioa babestu izana defendatu du. Bestela, Odesan gertatutako sarraskia Krimean errepikatu zela gaineratu du.
San Petesburgoko Foru Ekonomikoan Putinek Viktor Yanukovich boteretik kendu zuen Estatu kolpeak herrialdea kaosean murgildu duela esan du.
'AEBk eta EBk babestutako estatu kolpeari kaosak jarraitu dio eta orain gerra zibila bizi dute', esan du RT telebista errusiarrak zabaldu duenez.
Martxoan egindako erreferendumaren ondorioz Krimearen anexioa gauzatu ez balitz 'Odesa bezalako hirietan bizitako sarraski gehiago ikusiko genituzte' gaineratu du.
Putinen iritziz Ukrainan gertatutakoa mundu mailako konfiantza faltaren ondorioa da eta 'ezinbestekoa da konfiantza hori berrezartzea'.
EBekin akordioak
Itar-Tass agentziak zabaldu duenez Errusiako Presidenteak EBekin akordio berria sinatzea espero du.
'EBri eta bertako kide diren herrialdeei Errusiaren eta EBn arteko akordio eta kooperazio berria sinatzeko eskaria egiten diegu, batez ere arlo ekonomikoan', nabarmendu du Ria Novosti komunikabideak jakinarazi duenez.
Pertsona bat hil da eta bederatzi zauritu Donetsken
Gutxienez pertsona bat hil da eta beste bederatzi zauritu dira, milizien eta segurtasun indarren artean izandako borrokaldietan, Kievi leiala den administrazioak jakitera eman duenez.